Aiora Gómez: "Nire bizitzako garai bat besteei laguntzen ameta erabaki nuen"

Anboto 2015ko mar. 21a, 10:00
Aiara Gomez, argazkiaren eskumaldean.

Aiara Gómez (Elorrio, 1991) ilusioz beteta dabil lanean, Hegoafrikan. Irakasle lanetan zentro batera laguntzera joan zenean, bertan ikusitako bidegabekerien kontra borrokatu zen. Orain, bera da proiektuaren arduradun, eta ahalegin handia egiten dabil  proiektuak aurrera egin dezan.


Zelan heldu zinen Hegoafrikara?
Nire bizitzako ametsa betidanik izan da boluntario izatea Afrikako lekuren batean; ikasketak amaitu, eta hurrengo helburua hori izan dut aspalditik. Hezkuntza arloan gehiago hezi nahi nuen neure burua, eta nire bizitzako garai bat besteei laguntzen ematea erabaki nuen; hau da, nire denbora eta maitasuna nik baino gehiago behar dutenei ematea erabaki nuen. Beste kultura bat ezagutzeko kuriositatea sortu zitzaidan. Hemengo eskoletan ez dute ia ezer, eta ikusi nahi nuen zelan egiten duten lan egoera horretan. 2010ean Estatu Batuetan izan nintzen urtebetez, eta bertan eman ditut azken lau urteetako udak. Au pair egon izan naiz, eta bertako familiak leku honi buruz berba egin zidan. Hau ezagutzeko irrikaz negoen, eta argi nuen aukera eta garai ezin hobea zela betidanik nahi izan dudana egiteko.

Zelan deskribatuko zenuke herrialdea?
Hegoafrikako hegoaldeko kosta osoan zehar bidaiatu dut, eta den-dena da desberdina. Paisaia benetan ikusgarriak ditu Hegoafrikak, baina zuri eta beltzen arteko desberdintasunak aldea markatzen du, haien arteko kulturak guztiz desberdinak direlako. Gu Botha’s Hillen, Durban (KwaZulu-Natal) hiriburutik 45 minutura, bizi gara, eta gure herrixka pertsona beltzen auzoz inguratuta dago. Hamar minutuko errepide batek banatzen gaitu gertuen dagoen herritik, eta gure auzoko eta herri horretako pobreziaren eta aberastasunaren arteko desberdintasuna itzela da. Adibidez, neu bakarrik ezin naiz korrika egitera joan, oso arriskutsua delako; bortxaketa kasu asko daude, eta delinkuentzia kopuru handia ere badago. Zuria izateagatik aberatsa naizela uste dute. Gainera, pertsona batzuen ustez eta kultura zuluaren arabera, birjinekin sexu harremanak izanez gero, hiesa osatu egiten da. Horregatik, 14 urtetik beherako neska gazteen %80 bortxatu egiten dituzte, eta %70 haien familiako kideek. Zuluek sorginkerian ere sinesten dute, eta lehiakortasun nabaria dago familien artean. Horrelakoak dira egunero heltzen zaizkidan datuak, guztiak aurrekoak baino sinestezinagoak.

Hezitzaile lanetan zabiltza. Zelakoa da zure lana?
Hona etorri aurretik adostu genuen gure umeak joaten ziren eskolara joango nintzela laguntzera, baina egun bitan joan, eta ezin izan nintzen bueltatu. Eskola horretako egoera ez zen normala. Irakasleek eserita ematen zuten egun osoa, ez zuten ezer irakasten, eta zigorrak hiru orduz lurra zulatzea eta gela guztiak garbitzea izaten ziren. Hezkuntza berezia behar zuten ikasleak hormari begira egoten ziren, irakasle gehienak desagertu egiten ziren, eta ikasleak bakarrik uzten zituzten. Hori ikusita, behera etorri nintzen, eta, beste boluntario bategaz batera, txosten bat idaztea erabaki nuen, egoeraz informatzeko. Bertako zuzendariak ez zekien zer zen geletan gertatzen zena, eta, ikasturtea hastear zegoela, eskola itxi zuten, dena berritzeko denbora eta diru faltagatik. Horregatik, gure eskola zabaldu behar izan dugu: iKhethelon (www.ikhethelo.org). Bi irakasle gehiagogaz 4 eta 14 urte bitarteko hogei ikasle hezten ditugu. Ni izendatu naute eskolaren arduradun, eta orduak eta orduak ematen ditut guztiak ondo jarrai dezan. Nigan dute konfiantza proiektu hau aurrera eramateko, eta, presio handia sentitzen badut ere, umeak eskolara pozik datozela ikusten dut, eta horrek aurrera jarraitzen laguntzen dit. Gainera, arratsaldeetan DBHko ikasleei laguntzen diet etxeko lanekin, eta arratsaldero haiekin esertzen naiz ordubetez, irakurtzen dutela ziurtatzeko. Asteburuetan hainbat ekintza antolatzen ditut, umeak aspertu ez daitezen; Gehien gustatzen zaidana, ordea, dohaintzak egitea da, komunitatean zein auzoan. Janaria, arropa eta jostailuak ezer ez duten umeen artean banatzea oso gogoko dut.

Hezkuntzak zelan funtzionatzen du hor?
Pertsona zuri eta beltzen arteko desberdintasuna oso handia da Hegoafrikan, eta eskolekin gauza bera gertatzen da. Desberdintasun handia dago eskola publiko, pribatu eta auzoetako eskolen artean. Auzoetako eskolako irakasleak oso-oso alferrak dira, material gutxi dute, eta ohituta daude ezer ez egitera. Ez dituzte oinarrizko gauzak ere irakasten, eta ikasleak egun-pasa joaten dira bertara. Gure herrixkako nerabeak eskola desberdinetara joaten dira.

Zeintzuk dira zure asmoak?
Goiz da etorkizuneko planak egiteko; orain dela lau hilabete heldu nintzen, eta urte erdi baino gehiago izango naiz hemen. Dena dela, iKhetheloko jabe eta langileek datorren urte osoan hemen jarraitzeko proposamena egin zidaten aurreko hilean. Oraindik ez dut erabaki finkorik hartu nahi, baina, egia esan, leku eta pertsona hauek maiteminduta naukate, eta zaila da ezetz esatea, behar duten laguntza zelakoa den ikusita. Denbora aurrera joan ahala hartuko dut erabakia; baina, edozein dela ere, Elorriora bueltatuko naiz, bisitatxo bat egitera, behintzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!