Danele Sarriugarte: “Erlazio erromantikoen desmitifikazio bat dago liburuan”

Anboto 2015ko api. 13a, 09:26

Eguazten honetan, apirilak 15, 'Erraiak' bere lehenengo nobela aurkeztuko du Daniele Sarriugartek Elorrion.  Neska batek izandako bikote haustura da liburuaren abiapuntua, eta hari horri segika hartueman erromantikoei kritika egiten die Sarriugartek. Idazkera gordin eta ironikoa erabili du, bidali digun argazkia bezala. Iturri kultur etxean, 19:00etan izango da aurkezpena.

‘Erraiak’ liburua, zure gogoetak kaleratzeko tresna bat izan da, ezta?
Gai batzuei buruzko kezkak neuzkan, eta ez nuen saiakera liburu bat egin nahi. Beraz, bai; gai horiei irteera emateko landuta dago nobela. Bestalde, egoera batzuk uste dut hobeto azaltzen direla adibideen bitartez. Horrela, irakurlearekiko identifikazioa errazagoa dela ere iruditzen zait.

Erlazio eta eredu tradizionaletatik aske izan guran dabilen neska bat da narratzailea. Baina baditu kontraesanak.
Bai. Nik iritzi bat daukat hartueman mota batzuei buruz eta horiek sortzen duten gizarteari buruz. Baina ez nuen prediku bat egin nahi. Gainera, ez da horrela, beti daude kontraesanak. Kritikarekin batera, egoera sinesgarri bat eman nahi nuen; inoiz ez gaude askatuta inguratzen gaituenetik.

‘Zu barik ez naiz ezer’ eta horrelako mezuak jasotzen ditugu egunero. Beste tratamendu bat eman diozu.
Hartueman erromantikoen desmitifikazio bat dago liburuan, hori egurtu gura nuen. Bikote hartueman horrek zoriontasuna ekarriko duela gazurtatzeko saiakera egin dut. Eredu horrek frustrazio handiak eta jabetza loturak sortzen ditu pertsonengan, batere osasungarriak ez direnak. Mezuei dagokienez, emakumeen kasuan, zelako kaka sartzen duten ikusten dugu.

Sexuaz nahiko gordin idatzi duzu. Zergatik?
Nire asmoa ez zen gordina egitea, naturala baizik. Jendeak identifikatuko zituen eszenak agertaraztea zen helburua. Amodio erromantikoaren desmitifikazioarekin lotuta dago. Egile askok sexu eszenak daudela iradokitzen dute, baina ez dira agertzen.

Kritikei begiratuta, nobedade lez hartu da neska batek estilo gordin eta ironiko horretan idaztea.
Emakumeen literatura deitu izan zaio idazketa leunago bati. Gure gizartearen ordenamendu sozialak dakar. Emakumea subjetu ez izatea, askoz irudi erromantikoagoa edukitzea... Esanguratsua da ni bezalako neska gazte batek horrela idazteak harridura sortzea. Baina aldi berean, ez da harritzekoa, orain arte ez da-eta ohikoena izan. Nire aurretik ere egon ziren beste batzuk, baina igual euren garaian ez zituzten hain ondo hartu. Nire sasoian diskurtso feministak beste presentzia bat dauka, eta horri esker hobeto ulertu da egin dudana.

Feminismorako ekarpen bat al da ‘Erraiak’?
Ez nago talde batean ere, baina mugimenduan banago. Liburuko gai batzuk zirkulutan bazeuden lehendik, baina ekarpen bat izan ahal da hori idatzita egotea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!