Celestina pertsonaia klasikoa, Ron Lalá antzerki taldearen begietatik

Anboto 2015ko ots. 18a, 10:05

Charo Lopezek antzeztutako Ojos de agua bakarrizketa izango da barikuan, Elorrioko Arriola antzokian, ikusgai.

Ron Lalá antzerki taldeko Álvaro Tato idazlearen dramaturgia eta Yayo Caceresen zuzendaritza daukan antzezlana eskainiko dute, otsailaren 20an Arriolan.

Fernando de Rojasek XV. mendean idatziriko La Celestina nobelan oinarrituriko testutik sorturiko bakarrizketa da Ojos de agua. De Rojasen lanaren pasarte ezagunak antzeztuko ditu Charo López (Salamanca, Espainia, 1943) aktoreak, eta beragaz jardungo dira Fran García eta Antonio Trapote: Parmenoren espirituarena egingo du Garciak, eta zuzeneko musika eskainiko du Trapotek.

Denboraren joanari buruzko gogoeta da Ojos de agua lanekoa: gozatu zein galdutakoari buruzkoa. Eta gozamen iturri zein arma izan daitezkeen sexuari eta edertasunari buruzkoa ere bai. Egileek azpimarratu dutenez, “beste ezeren gainetik, bizitzako alaitasunari buruzkoa” da obra.

Antzezlanaren sinopsian azaltzen denez, Celestina protagonista gerizpean dagoen botere femeninoaren sinboloa da. Literatura unibertsaleko pertsonaia kontraesankorrenetako, sakonenetako eta bizitasun handiena duenetako bat da Celestina, taldekideek azpimarratu dutenez. Klasikoa, baina gaurkotasun handikoa ere bai. Kasu honetan, 1960ko hamarkadatik zineman, antzerkian zein telebistan lan gogoangarriak egin dituen Charo López aktoreak gorpuztuko du Celestina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!