Aurreko urteetan baino kalitate handiagoko koreografiak izan dira aurten, Akadantz lahiaketan

Anboto 2015ko ots. 9a, 14:38

Kale dantzen hainbat modalitatetan, hogeita hamar dantza taldek parte hartu zuten, joan zen zapatuan, Arriolako Akadatz lehiaketan. Zaragozako A Tu Ritmo Crew eta Irungo Golden Konexion taldeek irabazi zuten Urban dantzen saileko sari nagusia, eta horri esker sailkatu dira apirilean Bilbon jokatuko den Break On Stage jaialdian parte hartzeko.

Urban dance arloko aipaturiko sariez aparte, beste hiru ere banatu zituzten zapatuan, Elorrion.

Bikotekako sailean, Gasteiz eta Iruñeako Akira Yoshida eta Aritz Lopezek irabazi zuten lehenengo saria, eta Bilbo eta Iruñeako dantzarien Kaliba izeneko bikoteak bigarrena.

Dantza esperimentalaren arloan, bestalde, Basauriko Pretty Dolls eta Bilboko Arima taldeek jaso zituzten sariak. Arima talde bilbotarrak beste puntu bildu zituen Boom Shock Durangoko taldeak, baina bilbotarrei egokitu zien epaimahaiak saria.

Bilbora eta Irunera joan dira, hurrenez hurren, junior kategoriago lehenengo eta bigarren saria; Little Hop eta New K taldeek irabazi dute gaztetxoen arteko lehiaketa.

Joan zen zapatuko Arriola antzokiko emanaldia baino denbora asko lehenago zeuden 2015eko Akadantz lehiaketa ikusteko sarrerak agortuta, eta 250 lagunen aurrean eskaini zituzten 30 taldek euren koreografiak. Ikusmina zegoen, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurreko edizioetan baino kalitate handiagoko emanaldiak eskaini dituzte dantzariek aurten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!