Mercedes Sosa abeslari latinoamerikarraren bizitza, dokumentalean, Elorrion

Anboto 2015ko ots. 11a, 09:39

Mercedes Sosa: Latioamerikako ahotsa dokumentala emango dute, gaur, eguaztena, Elorrioko Iturri kultur etxean. Hilean Behin zikloak programatutako emanaldia izango da, eta 19:30ean hasiko da.


Mercedes Sosa musikari argentinarraren bizitzaren pasarteen bitartez haren herrialdearen historia kontatzen du film dokumentalak. Izan ere, ahots eder bat ez ezik, injustizien kontra ausart borrokatu zen emakume bat ere galdu zuten Argentinak, Latinoamerikak eta, oro har, munduak, Mercedes Sosa 2009. urtean hil zenean.
Bere konpromiso politikoa onartzen ez zutenen mehatxuak jaso zituen Sosak, eta 1980ko hamarkadako Argentinako diktadura basatiak erbestean babesa hartzera behartu zuen.

Besteak beste, Mercedes Sosak eskainitako elkarrizketen pasarteak, kontzertuetako irudien zatiak, eta lagun eta lankideen testigantzak bilduta osatu du Rodrigo H. Vila zuzendariak dokumentala.

Bidaia intimoa da film honek ikusleari eskaintzen diona: Mercedes Sosa emakume, artista eta aktibistaren mundura eginiko bidaia. Fabian semeak gidatzen du amaren bizitzara egindako bidaia, eta ama ezagutu zutenen testigantzetan oinarritzen da Mercedes Sosaren erretratua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!