Udaltzain bulego berria zabaldu dute

Anboto 2015ko ots. 6a, 12:32

Martxan dago Elorrioko udaltzainen bulego edo polizia-etxe berria. Hemendik aurrera Buzkantz kalean eskainiko dute zerbitzua poliziek, udaletxetik metro gutxira. Zazpi udaltzainek egingo dute lan bertan, eta goizeko 06:30etik gaueko 22:00etara egongo da zabalik. Atzo egin zuten prentsari zuzendutako bulegoaren aurkezpena, eta han izan ziren Ana Otadui alkatea eta Joseba Mujika alkateordea.


Orain arte udaletxeko beheko aldean egon dira udaltzainak. Baina leku horretan Herritarren Arretarako Zerbitzua (HAZa) ipintzea erabaki zuen udalak, eta, beraz, udaltzaingoarentzako espazio berri bat behar zuten. Buzkantz kaleko lokala Laboral Kutxa enpresarena da, eta udalari hamar urterako alokatu dio.
Udal arduradunek azaldu dute lokalaren obrak 116.000 euroko kostua eduki duela, hasieran aurreikusitakoa baino %38 gutxiago. Horrela, aurreztutakoaren parte bat altzariak erosteko aprobetxatuko dutela esan dute.

HAZaren lanak
Bestalde, Gizarte Zerbitzuekin lotutako abisua ere zabaldu dute. HAZaren lanek irauten duten bitartean, Gizarte Zerbitzuetako gestioak Buzkantz kalean egin beharko dira, udaltzaingoaren bulego berrian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!