'Hald' fantasiazko liburua idatzi du Rakel Duran elorriarrak

Anboto 2015ko urt. 21a, 10:59

Joan zen barikuan Lourdesko Ama ikastetxean aurkeztu zuen Rakel Duran elorriarrak idatzi duen lehenengo liburua; bera ikasle izan zen ikastetxeko gazteen aurrean lehenengo, eta publiko orokorrarentzat gero. Hain zuzen, Elorrioko ikastetxe horretan gaztelania irakasle izan zuen Pedro Fuentesek lagundu dio Durani Hald liburuari azken zuzenketak egiten. Liburuaren aurkezpenean, motibazioari buruz hitz egin zien Duranek gazteei: “Zerbait nahi izanez gero, hori lortzeko borrokatzeaz, saiatzeaz eta lan egiteaz berba egin nien”.


Lourdesko Ama eskolan zebilela, 14 urtegaz, komiki bat idazteko asmotan ekin zion Rakel Duranek sorkuntzari. Manga komikiak zituen orduan gustuko, eta marrazkigintzagaz nahi bezala adieraztea lortzen ez zuena adierazteko hasi zen idazten. “Nire ideia ez zen nobela bat kaleratzea”, dio egileak, baina buruan zeuzkan ideiei berben bitartez forma ematen hasi zen: “Eta honaino ailegatu naiz denboragaz”.

Naia eta Jake dira fantasiazko nobela honetako protagonista nagusiak, eta bi mundu paralelotan kokatzen dira gertakariak: mundu gizatiarrean, eta Duranek sorturiko Hald izakien munduan. Hald soldadua da Naia, eta bizipoza galdu duen mutil bat Jake. Istripu bat dela medio, berea ez den munduan harrapatuta geratuko da Naia. Bertan ezagutuko du Jake, eta lagun egingo dira.

Maine eskualdeko asmaturiko hirian kokatu du Rakel Duran idazle gazteak “mundu gizatiarreko” istorio zatia: Jesteil izeneko hirian. Bestalde, Hald munduaren geografia imajinarioaren mapa ere ematen du liburuaren hasieran. Erantzunik bako galdera asko dago nobelan, eta tentsio eta intriga horrek irakurlea jakin-minez adi-adi lotzen du irakurgaira. “Irakurri dutenek hori azpimarratu dute, hain zuzen ere: irrikaz irakurtzen dela”, adierazi du egileak.

Autoedizioaren bidea hautatu du Rakel Duranek Hald plazaratzeko. Diseinu grafikoaren arloan lan egiten duenez, berea da liburuaren azaleko diseinua ere: Elorrioko Angio inguruko basoan egindako argazkia agertzen da bertan.

Sorkuntza-idazketari buruzko ikastaro bat egin zuen Duranek 20 urtegaz, eta bere denbora librearen zati handi bat idaztera bideratzen hasi zen. Duela urte eta erdi, 20 urtegaz, idatzitako istorioa da Hald honen oinarrian dagoena. Duela zortzi urte sorturikoa da istorioa: “Ez nuen aldatu nahi oinarrian zegoen ideia”, dio Duranek. Gau haizetsu batean, txakurragaz paseoan zebilela, haizeak harrotutako plastikozko poltsa batek itzelezko sustoa eman ziola kontatu du Rakel Duranek, eta, hortik abiatuta, Bilbora ikastera edo lan egitera autobusean egindako bidaietan, eskuz idatzi zituela lehenengo paragrafoak.

Kaleratu duen liburuaren bigarren partea argitara emateko prestatzen dabil Rakel Duran orain. Gainera, lagun bigaz, Hald liburuaren bideo-jokoa prestatzen ere badabil. Liburuaren izen bereko Facebook-eko orrian erakutsiko dituzte horiek, sortu ahala. Bestetik, gaztetan idatziriko hainbat istorio berrartzeko asmoa ere badauka.  

Jende gehiena lo dagoenean idazten du Rakel Duran elorriarrak. Eta gauez idatzirikoa da, hein handi batean, Hald liburua ere. Irakurri ere asko egiten du, gauez zein egunez. Gehien eragin dioten liburuetako bat Henry Jamesen Otra vuelta de tuerca beldurrezko liburua izan dela kontatu du. Stephen King eta Agatha Christie idazleen obrak ere oso gogoko ditu, eta Patrick Rothfuss idazlearen El nombre del viento irakurtzeko desiatzen dagoela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!