Iturriko itoginak konponduko ditu udalak, elkarteek kritikatu ostean

Anboto 2015ko urt. 14a, 12:01

Iturri kultur etxeko larrialdi irteeran sortutako itoginak konponduko ditu udalak, eta urtarrilean bertan hasi gura dute lanekin, Joseba Mujika alkateordeak adierazi duenez. Arazoa Iturriko erabiltzaileek kaleratu dute, Gaztetxekoek sustatutako dinamika baten bidez. “Egoera tamalgarra da. Larrialdi irteerako teilatua jaustear dago”, esan du Gaztetxeko asanbladako kide batek.


Asanbladako kideak azaldu du ez dela gai berria; Iturri zabaldu eta gutxira agertu ei ziren itoginak. Dioenez, urteotan udalari konpontzeko eskaera egin diote, baina ez dute emaitzarik lortu: “Udalaren aldetik erantzun eta konpromiso argirik ez zegoela ikusi genuen”. Behin-behineko neurri lez, egur batzuk eta olana ipini zituen udalak, baina ez zen nahikoa. Gaztetxeko kidearen arabera, urteotan eurek arduratu dira itoginez, “udalak ez zuelako ardura hartzen”. Kubo handiak eta zerrautsa erabili dituzte itoginen aurka.

Egoera ikusita, Iturriko eta herriko elkarteekin arazoa konpartitu zuten Gaztetxekoek, eta udaletxean erreklamazioak sartzea erabaki zuten.

Udalak iragarritako konponketagaz itoginen arazoa amaituko den arren, obraren sasoiagatik kritika egin du gazteak: “Orain arte ez zaie axola izan, eta orain arduratu dira, hauteskundeak datozenean”.

Larrialdietarako eskailera
Bestalde, Gaztetxekoen beste eskaera bat larrialdietarako eskailera eraikineko hirugarren solairura arte egitea da. Izan ere, gaur egun bigarrenera arte heltzen da. Gazteen esanetan, solairu horretakoek ez dute irteerarik, eta erabiltzaileak umeak direla ohartarazi dute. Baina Mujika alkateordearen arabera, eskailera legearen barruan dago, eta eraikinak larrialdi plana dauka: “Larrialdi plana onartu zenean elkarte guztiak gonbidatu ziren, eta guztiek izan zuten plan horren berri izateko aukera, bertako langileekin batera”. Gainera, Mujikak gogoratu du Iturriko lokal bakoitzean ebakuazio planoak eta gidak ezarrita daudela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!