"Lurrean etzanda" aurkeztuko du Ruper Ordorikak Arriolan

Anboto 2015ko urt. 8a, 16:00

Elorrioko Arriola kulturguneko 2015. urteko programazioa zabalduko du Ruper Ordorika (Oñati, 1956) musikariak bihar, barikua. Plazaratu berri duen Lurrean etzanda diskoko kantak eskainiko dizkiete Ordorikak eta taldekideek, 22:00etan hasita, entzuleei. Abenduaren 20an, Bilboko Kafe Antzokian jo zituzten disko berriko doinuak lehenengoz.


Euskal musikagintzako bere kanta kuttunen bertsioak eskaini zizkien zaleei Ruper Ordorikak iaz kaleratu zuen Azukre koxkorrak diskoan. Bestelakoa da azaro amaieran kaleratu duen diskoaren sorburua: musikariak adierazi duenez, “esateko behar” batetik sorturikoak dira Lurrean etzanda diskokoak. Dionisio Cañas idazlearen Zerutik gertu ez da ondo egoten kantaren euskarazko egokitzapena kenduta, disko berriko kanta guztiak Ordorikak idatzitakoak dira. Diskoaren aurkezpen orrian azaltzen denez, “oroimenaren garrantzia, maitasunaren beroa eta bizitzaren edertasuna” azpimarratu gura ditu Ordorikak kantuotan.

Leo Abrahams, Simon Edwards eta Kenny Wollesen musikari entzutetsuek lagunduta, iraileko lehenengo asteburuan grabatu zuen Lurrean etzanda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!