Skate pista eta Gaztelekua egitea, 2015eko aurrekontuan

Anboto 2014ko abe. 23a, 16:22

EAJren botoekin bakarrik onartu dute 2015erako udal aurrekontua. Bilduk kontra bozkatu du, eta PP abstenitu da.

Elorrioko Udalak badauka 2015erako udal aurrekontua. 7,7 milioi eurogaz, gobernu taldekoek adierazi dute Gazteria eta Turismo sailak indartu gura dituztela, besteak beste. Udala ekonomikoki egonkortasun egoeran dagoela esan dute, eta gizarte-babeserako zein genero ikuspegiko poltikak bultzatzea dauzkate euren helburuen artean. Inbertsio esanguratsuenak ondokoak dira: Aldapebeitia jauregiko teilatua konpontzea (335.000 euro), skate pista eraikitzea (50.000 euro), Gazteleku bat zabaltzea (63.000 euro), Elizaldeko igerilekuak handitzea (30.000 euro), edota Turismoari buruzko jardunaldiak egitea (79.000 euro).

Udalak herritarren iritzia kontuan hartu du aurrekontuaren zati bat zehazteko, eta horrela, 150.000 euro elorriarren ekarpenak betetzeko erabiliko ditu. Batzarrak eta kaleko inkestak egin dituzte iritziak batzeko; azaldu dute 130 lagunek parte hartu dutela, eta guztira 70 ekarpen jaso direla.

Baina, partaidetza prozesu hori ez da Bilduren gustukoa, eta hori da kontra bozkatzearen arrazoietako bat. Euren ustez kalean azaldutakoa gobernu taldeak landu du, eta herritarren partaidetza sakonagoa gura zuten Bildukoek. Gainera, ezarritako lehentasunekin ere ez daude ados, eta herrian skate pista baino lehentasun garrantzitsuagoak daudela adierazi dute. Bestalde, proposatutako proiektu batzuk aurreikusitako diruagaz ezingo direla aurrera atera kritikatu dute koaliziokoek. Horren adibide lez ipini dute, Gaztelekurako inbertsioa ia 200.000 eurokoa izan beharko litzatekela. Duela urte bi onartutako karabanen aparkalekurako ere 1.000 euro bakarrik zehaztu dituztela-eta, ezingo dela egitasmoa garatu ohartarazi dute.

PPko Carlos Garcia zinegotzia abstenitu egin da eztabaidan. Udaltzaingoaren bulego berria, igerilekuak handitzea edota wi-fia doan eskaintzea lako egitasmo asko ondo ikusi ditu, baina berak aurkeztutako beste batzuk faltan bota ditu: anbulantzia ipintzea, harresia konpontzea eta eraikin historikoak eraberritzea, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!