Zapatuan gaztetxean jotzeko, berriro elkartu dira Artobixarra taldekoak

Anboto 2014ko abe. 18a, 11:00
Elorrioko musika taldearen artxiboko argazki bat.

Duela hamaika urte utzi zuten Artobixarra taldea Iñigo Larringan, Peio Salaberria, Iñaki Urresti eta Koldo Zubia elorriarrek. Zapatuan, baina, berriro ariko dira elkarrekin zuzenean, Elorrioko gaztetxean. Taldekideen berbetan, aspaldi sorturiko ideia da kontzertuarena. Zubia taldekideak azaldu duenez, Txomin Lesende laguna preso izan duten artean, hamahiru urtean, espetxera egindako bisitetan sarritan komentatu izan dute kartzelatik ateratzen zenean kontzertu bat eskainiko ziotela. Izan ere, Lesendek ez zituen ez taldearen azken agurra, ez orain zazpi urte eskanitako Atxondoko eta Elorrioko kontzertuak ikusi.


Zapatuko emanaldian, 2001. urtean lagunekin grabatu zuten taldearen disko bakarreko kantak eta bertsioren bat joko dutela aurreratu dute.

Artobixarra taldea 1998. eta 2003. urteen artean aritu zen. Ikastolako lagunak ziren Salaberria, Urresti eta Zubia hasi ziren gaztetxeko entsegu lokaletan jotzen, eta urtebetera Larringan batu zitzaien mikroan.

Hainbeste urteren ondoren, berriro elkarrekin aritzea zaila izan ote den galdetuta, ezetz erantzun du Zubiak: “Nahiz eta hamaika urte igaro diren taldea utzi genuenetik, taldekideok beste proiektu batzuetan galbiltza, eta esan daiteke musikan aktibo gaudela. Horrek laguntzen du abestiak gogoratzeko orduan”.

Zapatukoa hitzordu berezia izango da taldekideentzat, baina, azpimarratu dutenez, aurrera begira ez daukate taldearen jarduna berrartzeko inolako asmorik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!