Eroskik lantegi berritua edukiko du, eta eskulan gutxiago beharko du

Anboto 2014ko aza. 24a, 13:32

Eroskik lantegi logistiko berritua edukiko du. 40 milioi eurogaz, lantegia automatizatzen dabiltza, eta, horrela, produktuen harrera, biltegiratzea eta prestaketa erraztuko dira. Prozesu horien %50 egongo da automatizatuta, hain zuzen ere. Gainera, produktuen kargaren %70 ere modu automatikoan egingo dela esan dute. Berrikuntzagaz, instalazioko ekoizpena %50 igo ahal dela baloratu dute. Bestalde, botilen logistika automatizatu duen lehenengo enpresa europarra dela esan dute. Iñigo Urkullu lehendakaria, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia eta Ana Otadui alkatea egon ziren inaugurazio ekitaldian.

Aldaketak eragin zuzena edukiko du beharginengan, onerako eta txarrerako. Lana zenbat eta automatizatuago egon, gero eta eskulan gutxiago beharko da. Baina ez dago argi zelan gauzatuko den hori. Eitb.eus eta Naiz.eusek jaso dutenez, Alberto Madariaga Eroskiko operazio zuzendariak esan zuen aldi baterako langile gehienen kontratuak ez dituztela luzatuko automatizazio prozesua amaitzean –2015-2016–. 400 beharginetatik 80 bat dira gaur egun aldi baterakoak, enpresako bazkide ez direnak. ANBOTOk galdetzean, ostera, Eroskiko prentsa zerbitzuak bestelako datuak eman ditu. Bederatzi lagun bakarrik leudeke lana galtzeko egoeran:  automatizaziorako hartutakoak eta bajak kubritzen daudenak.

Alde ona lan fisikoa murriztu egingo dela da –bakoitzak 8.000 kiloko karga zeukan egunero–. Horregatik, baldintzak hobetuko direla esan dute Eroskikoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!