Tasak mantendu ostean, 2015erako aurrekontua diseinatzen hasiko dira

Anboto 2014ko aza. 20a, 13:00

2015ean aurtengo tasa eta zerga berberak egongo dira. Izan ere, bere horretan mantentzea erabaki zuen udalbatzak, eguaztenean egindako batzarrean. Alderdi bien nahia zerga ordenantzak berdintzea izan arren, berriro ere EAJren eta Bilduren arteko desadostasunen isla izan zen eztabaida, eta, ondorioz, tasak ez dira adostuak izan. Hemendik aurrera, tasa horien bidez udalean jasoko den dirua aurrekontuan zelan erabili zehazten hasiko dira.


Joseba Mujika alkateordeak (EAJ) azaldu zuen tasak eta zergak mantentzeko arrazoi bi eduki dituztela: KPIaren bilakaera negatiboa eta bi urtez jarraian udal zerga ordenantzen “eguneratze bigunak” egin izana. “Egoera larrian dauden familiei laguntzeko balioko duela uste dugu”, esan zuen Mujikak.  Gainera, zenbait hobari ere ezarri dituzte langabetuentzat, urritasunen bat daukatenentzat, etxeak alokairuan ipintzen dituztenentzat eta ingurumenagaz jasangarriagoak diren autoak dauzkatenentzat.

Idoia Buruagak (Bildu) adierazi zuen euren nahia zerga progresiboak ezartzea zela, baina, adostasuna topatu guran, hobariak proposatu zituztela. Adibidez, etxe hutsak dauzkatenei karga fiskala ezarri gura zien Bilduk, gazteei bideratutako alokairua sustatzeko. Ingurumenaz arduratzen diren enpresak eta eraberritu beharreko baserriak ere hobarien hartzaile izango lirateke. Buruagaren esanetan, alderdien arteko adostasuna topatzen ahalegindu dira. Mujikak ez du iritzi bera, eta Bilduri zehaztasun falta egotzi dio.

Carlos Garciak (PP) ez zuen parte hartu udalbatzarrean, eztei-bidaian dagoelako. Baina gobernu taldeagaz ados dagoela esan du.

Aurrekontua osatzen
Udalak aurrekontuei begira herritarren iritzia jakin gura du, eta horretarako informazio saioak antolatu ditu. Gainera, aurrekontuaren zirriborroa aurkezteko aprobetxatuko dute. Besteak beste, autokarabanen aparkalekurako 50.000 euro inbertitzea aurreikusi dute, eta Aldapebeitia jauregia zaharberritzera 325.000 euro bideratzea. Astelehenean, 19:00etan, udaletxean batuko dira herritarrekin, eta, eguenean, ordu berean, Iturrin, batez ere elkarteei zuzendutako saioan. Zapatuan, 28an, informazio karpa bat ipiniko dute plazan, 10:00etatik aurrera.

Bestalde, Buruagak kritikatu du elkarlanerako “ezetza” jaso dutela EAJren partetik. Hori dela-eta, Herri bera beste era batera izeneko jardunaldiak aprobetxatuko dituzte ideia berriak sortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!