Beste herri batzuetako esperientziak ezagutu, horietatik ikasi eta ideia berriak jasotzea izango da helburua. Esperientzia horien bidez, herritarrei “gauzak beste era batera” egitea posible dela erakutsi gura diete EH Bildukoek: “Herrigintza beste modu batera egitea errealitatea da, ez utopia”.
Azaroaren 18an, martitzenean, burutuko dute lehenengo jardunaldia. Inaxio Azkarraga-Urizar Arrasateko alkateak eta Aldundirako koalizioaren hautagai den Josu Unanuek egingo dute berba, sozioekonomia eta zerbitzu sozialen inguruan. Bigarren jardunaldia hilaren 26rako deitu dute. Turismoa izango da gaia, eta Kristina Sierra teknikariak Elorrioko turismoaz duen ikuspegia azalduko du. Jon Maia bertsolaria eta Mikel Biain Oñatiko alkatea ere bertan egongo dira. Azkeneko berbaldia abenduaren 2an izango da, eta Juan Karlos Izagirre Donostiko alkateak hiri ereduaz eta partaidetzaz berba egingo du. Jardunaldi guztiak Arriolan garatuko dira, 19:30ean.