Joseba B. Lenoir: "Felixen bateriak hegalak ematen dizkit taula gainean"

Anboto 2014ko aza. 13a, 16:54
Joseba B.Lenoir Duo. Argazkia: Jon Iraundegi.

Felix Buff-ek bateriagaz lagunduko dio Joseba Baleztenari (Bera, 1984) Elorrion. Gaur, 21:30en hasiko dute kontzertua, Jazz Blues jaialdiraren 25.edizioari ekiteko.

‘Tenpesta’ diskoko kantak dira Elorrion eskainiko dituzunak?
Bai. Tenpesta da grabatu dudan azken lana, eta bertako kantak eskaini nahi ditut. Edozelan ere, Isntroak Vol. 2 eta aurreko nire diskoetako kantak ere joko ditugu. Bertsioren bat ere eskainiko dugu, gainera, eta hurrengo diskorako sorturiko abestiren bat ere bai, aurrerapen gisa.

Noiz eta zelan sorturikoa da Felix Buffen eta zure arteko harreman musikala?
Badira urte batzuk. Willis Drummond taldearen lehen diskoa kaleratu zen garaian ezagutu genuen elkar, eta lagun egin ginen. Gure arteko harreman musikala Instroak Vol. 2 diskoaren grabaketan sendotu zen. Berak grabatu zituen diskoko bateriak. Oso bat-batekoa izan zen; abestiak aldez aurretik apenas entzun gabe etorri zen estudiora, baina bere lanak beste dimentsio bat eman zion diskoari. Tenpestan ere bera arduratu zen bateriaz, eta harrezkero zuzenekoetan nigaz etortzen da ahal duen guztietan. Zuzenean zein estudioan, ezin hobeto ulertzen dugu elkar, baina bereziki kontzertuetan: Felixen bateriak hegalak ematen dizkit taula gainean hegan egiteko.  

Azkenaldian badirudi modan dagoela bateria-gitarra bikote formazioa Euskal Herrian. Zer dauka berezia?
Bai, egia da. Hemen zein nazioartean modan jarri da bikoteena. Niri askatasuna ematen dit bateria-jotzaileagaz ibiltzeak, eta Felixegaz konplizitate handia lortzen dut zuzenean. Egia esan, kantak banda osoagaz jotzeko idazten ditut, baina momentuz ezin izan dut formatu hori zuzenekoetara eraman. Asko disfrutatu izan dut bikotean, eta, laster banda oso bategaz aritzeko planak ditudan arren, uste dut luzaroan jarraituko dugula bikotean.

Buffegaz partekatu duzun Willis Drummond proiektuan atseden hartuko duzue.
Azaroaren 28an egingo dugu bira amaierako kontzertua, Hondarribiko Psilocybenean. Gero bizpahiru hilabeteko atsedenaldia hartuko dugu, hurrengo pausoak zehaztu baino lehen.

Zelako esperientzia izan da zuretzat Willis Drummond taldeko parte izatea?
Nire musika ibilbidean aurrerapauso bat izan da. Astero-astero zuzenekoak ematen dituen rock talde biziki energetiko batera itzulera izan da niretzat. Asko ikasteko aukera. Gainera, lagun onak gara, eta asko disfrutatu dut hilabete hauetan eurekin bidaiatzen; gure musika ezagutzen dutenen zein egiten duguna guztiz arrotz duten entzuleen aurrean jotzen.

Zer dauka Berako urak hainbeste musikari on sortzeko?
Askotan egiten digute galdera hori... eta sekula ez dakit zer erantzun! Egia da musikari pila dagoela Beran (Nafarroa), 3.500 biztanleko herria dela kontuan hartzen badugu. Musikari asko, eta kultura musikal handia dago. Gakoa partekatzea da. Gu, Sextysexers jaio baino lehen, musikan muturra sartzen hasi ginenean, nagusiagoak izan genituen gidari. Tabernetan elkartzen ginen, eta musika eta pelikulak pasatzen zizkiguten. Gaur egun ere saiatzen gara Internet bidez bada ere, elkartrukea mantentzen. Bestetik, tabernek ere betetzen dute euren papera: Kataku ostatuan kontzertuak egiten dira, eta beti dago musika ona. Ertz jaialdia ere herriaren altxor eder bat da.

Nondik nora zabiltza asteon?
Azken aldian, musika dela medio, asko bidaiatu dut, eta Birminghamera egin dudan oporretako bidaiatik bueltan naiz. Willis Drummondek hartzen du nire denboraren zati handiena maiatzaz geroztik: Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian ibili gara azkenaldian. Hilabete honetan A ala B biraren azken txanpan dihardugu. Bestalde, Sumisión City Blues taldeagaz ere kantak konposatzen nabil, eta beste hainbat proiektu ere badauzkat; diskoa grabatzea, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!