Jazzaren eta bluesaren zaleentzat luxuzko eskaintza Elorrion

Anboto 2014ko aza. 11a, 09:30
Slam Allenek blues eta soul doinuak uztartuko dituz azaroaren 22ko emanaldian.

Euskaldun gazte bik, Joseba Baleztenak eta Félix Buff-ek, zabalduko dute Arriolako 25. Jazz Blues Jaialdia. Joseba B. Lenoir Duo proiektua aurkeztuko dute, azaroaren 13an, 21:30ean, Elorrion. Blues kantak eskainiko ditu gitarrak, ahotsak eta bateriak osaturiko bikoteak.


Datorren egueneko emanaldiaren ostean, beste hiruna jazz eta blues emanaldi dakartza Elorrioko jaialdiak. Euskal Herriko zein nazioarteko musikariek osaturiko egitarau erakargarria osatu dute antolatzaileek.

Azaroaren 14an, 22:30ean, hirukote forman, jazza izango da jaialdiko protagonista: Juan Ortiz pianistaren proiektua ezagutu ahalko dute kontzertura hurreratzen diren musikazaleek. David Ruiz kontrabaxuan eta Borja Barrueta baterian izango ditu Ortizek ondoan, 22:30ean. Jazz klasikoa eta abangoardiakoa uztartuta, Juan Ortizek munduan zehar egindako bidaietan sorturiko doinuak oinarri hartuta jardungo da hirukotea. Soinu fresko eta berritzailea eskainiko dute.

Egueneko blues musikari bikotearen eta barikuko jazzlarien ostean, sei musikariz osatutako taldea gonbidatu dute Elorriora: gitarrak, teklatua, harmonika, kontrabaxua, bateria eta ahotsak uztartuta ariko da Tino Gonzalesek, Leburn Maddoxek, Julio Lobosek, Antonio Serranok, M. Nietmietzek eta Carlos Amoresek osaturiko seikotea. Gonzalesen jaioterriko (Chicagoko) bluesa, funkya, soula, hip hopa eta musika latinoa uztartzen ditu taldeak. Besteak beste, Solomon Burkegaz eta Chuc Berrygaz jo izan duten musikari horiek entzuteko aukera izango da, azaroaren 15ean.

Musikazaleek agendan seinalatu beharreko lau eguneko beste asteburu bat ere prestatu dute Elorrioko jaialdian: Iñaki Salvador piano-jotzaile donostiarra Andrzej Olejniczak saxofonistak lagunduta ariko da azaroaren 20an. 1993an elkarrekin Catch diskoa grabatu ostean, berriro elkartu dira jazz musikari biak.
Jazzeko boskote klasikoa osatuta etorriko den Gabacho Connectionek, saxofoia eta tronboia baliatuko ditu, esate baterako, azaroaren 21eko kontzertuan.

Bere misioa “publikoa zoriontsu egitea” dela dioen Slam Allenek bluesa eta soul doinuak uztartuko ditu azaroaren 22an. Portalekua tabernan emango dute jaialdia amaitutzat, Txus Blues harmonika-jotzaileak eta José Bluefingers gitarristak.

Egitaraua

· Azaroaren 13an, 21:30ean, Joseba B. Lenoir Duo
· Azaroaren 14an, 22:30ean, Juan Ortiz Trio
· Azaroaren 15ean, 22:30ean, Tino Gonzales, Leburn Maddox, Julio Lobos & Antonio Serrano
· Azaroaren 20an, 21:30ean, Iñaki Salvador & Andrzej Olejniczak
· Azaroaren 21ean, 22:30ean, Gabacho Connection
· Azaroaren 22an, 22:30ean, Slam Allen

PORTALEKUAN
· Azaroaren 23an, 20:30ean, Txus Blues & Jose

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!