Gaztetxoak ibili dira gehien Elorrioko igerilekuetan

Anboto 2014ko urr. 15a, 15:00

Irailean amaitu zen udako igerilekuetako denboraldia, eta Elorrioko Udalak Elizaldeko instalazioek edukitako harrera baloratu du. Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, umeak eta gaztetxoak, 18 urtez azpikoak, izan dira igerilekuak gehien erabili dituztenak.

Uztaila, abuztua eta iraila kontuan hartuta, 10.000 txartel inguru saldu dituzte, eta uda osoko 1.200 bonu egin dituzte. Guztira, 22.000 bat sarrera eduki ditu instalazioak.

Udal ordezkariek esan dute iraileko lehenengo hamabostaldian batu zela jende gehien. Edozelan ere, uztailaren 31 izan zen egun arrakastatsuena, 870  lagun hurreratu ziren eta.
Aurten inauguratu dituzte igerilekuak, eta ordezkarien ustez, herrian aldaketa igarri da: “Instalazioen irekierak ohitura aldaketa eragin du elorriarren artean, eguraldi onaz gozatzeko aukera izan dutelako, hondartzara edo beste igerileku batzuetara joan behar izan barik”.  Instalazioak kalitatezkoak eta gazteak erakartzeko modukoak egin gura izan dituzte.

Azaldu dutenez, erabiltzaileek igerilekuen balorazio ona egin dute, eta turistak ere erakarri dituzte. Gainera, hogei lanpostu sortu izana nabarmendu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!