Ertibil lehiaketako lanen erakusketa Iturri kultur etxean izango da, urriaren 26ra arte

Anboto 2014ko urr. 14a, 13:00
Everest mendia irudikatzen duen margolanagaz, Maria Azcona nafarrak jaso du Ertibil 2014 lehiaketako lehenengo saria.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen arte plastikoen Ertibil erakusketa ibiltaria Elorrion izango da datozen asteetan. Bilboko Rekalde aretoan erakutsi zuten lehenengoz, eta Leioan, Gernika-Lumon, Barakaldon eta Lekeition ere izan da ikusgai, Elorrion baino lehen. Elorrion, urriaren 26ra arte egongo da erakusketa.

Lehiaketan parte hartu duten hamalau artistaren lanen bilduma da erakusketa honetakoa: epaimahaiak irabazle hautatu dituen hiru artisten sorkuntzak, eta epaimahaikideek partaideen lanetatik aukeratu dituzten beste hainbat obra ere badaude ikusgai. Artista gazteen eskulturak, margolanak eta argazkiak daude erakusketan.

Aurten, 141 obra jaso dituzte Ertibil lehiaketan: 35 urtetik beherako 104 artistak sorturikoak. María Azcona (Iruñea, 1991), Kristina Losa (Gasteiz, 1988) eta Oihana Torre (Bilbo, 1981) artistak izan dira Ertibil lehiaketaren 2014. urteko edizioko saridun nagusiak.

Everest mendia irudikatzen duen 8848 metro izeneko margolanagaz Azcona nafarrak jaso du lehenengo saria; Kristina Losaren Concrete margolanak jaso du bigarrena; eta Oihana Torreren 49 kubo argazkiari eman diote hirugarren saria.

Manterolak gidaturiko bisita
Elorrioko Udalaren eskutik, Ertibil erakusketa ikusteko doako bisita gidatua eskainiko du Ismael Manterola EHUko irakasleak, urriaren 23an, 19:30etik aurrera, Iturri kultur etxean. Euskal Herriko arte sorkuntza garaikidea ezagutzeko eta ulertzeko aukera izango da Ismael Manterolak Elorrioko Iturri kultur etxean eskainiko duena. Izan ere, 1983. urteko lehenengo ediziotik, sortzaile bizkaitar gazteen lana bultzatzea, sustatzea eta ezagutzera ematea izan da Ertibil lehiaketaren helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!