Dendarik denda kanpaina hurrengo astelehenean ipiniko dute martxan. Turismo bulegoan egin dute aurkezpena Ana Otadui alkateak eta Aitor Eguren merkatarien elkarteko presidenteak. Komertzioaren egoera ez dela erraza eman du ulertzera Otaduik: "Badakigu zein egoeratan dagoen merkataritza, eta suspertzeko egiten dugu kanpaina". 1.000 bono aterako dituzte, eta hamazortzi urtetik gorako herritar bakoitzak bina hartu ahal izango ditu. Turismo bulegoan EMEk kontratatutako pertsona bat egongo da 10:00etatik 13:00etara, eta bertan emango dituzte txartelak. Jendeak ez du han ordaindu beharko; dendan egingo diote deskontua. Gainera, bono biak erosketa berean erabiltzeko aukera ere egongo da. Gero, udalak falta diren hamar euroak emango dizkie merkatariei.
Azaroaren 30era arte prestatu dute kanpaina, baina lehenago amaitzeko aurreikuspena egin dute, alkateak esan duenez. Egurenek ere "lau bat egunetan amaitzea" espero du. EMEn ez dauden komertzioak ere gehitu ahal dira kanpainara, eta dendariez gainera herritarrak ere kanpainan parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.