Anitha Mol Saji, artisaua: "Bitxiak paperez eginda daudela esaten diegunean jendea harritu egiten da"

Anboto 2014ko urr. 5a, 10:00

Artisautzaren munduan bere lekua egiten ari da Anhita Mol (Kerala, 1983). Parte hartzen duen azoketan izan duen harrera onak aurrera egiteko kemena eman dio. Elorrion tailer bat zabaltzea da bere hurrengo erronka.



Zerk ekarri zaitu Elorriora?
Nire senarra lanera etorri zen Elorriora. Ondoren, Keralan ezkondu ginen, eta beragaz etorri nintzen orain lau urte.

Zelan hartu zintuzteten Elorrion?
Oso ondo. Hasieran ez nuen hizkuntza ezagutzen, eta horixe ikastea izan zen lehenengo lana. Jendea oso jatorra izan da gurekin, eta bertakoak garela sentitzen dugu.

Aldaketa handia izan zen?
Indian ere gure estatutik kanpo egiten genuen lan, familiarengandik urrun, antzeko egoera batean. Beraz, alde horretatik egoera antzekoa izan da.

Zer da Elorriotik gehien gustatzen zaizuna?
Den-dena gustuko dugunez, ezingo nuke gauza zehatz bat esan. Euskal Herria maite dugunez, gure semeari Julen izena jarri diogu, gainera. Keralak Euskal Herriaren antz handia du, eta etxean bageunde bezala sentitzen gara.

Artisautzan diharduzu. Zelan ekin zenion bide horri?
Zaletasuna ogibide bihurtu gura izan dut. Langabezian nengoen, eta orain ikusi dugu lan bat sortzea lana kanpoan aurkitzea baino errazagoa dela.

Zure produktuek zer ezaugarri dute?
Paperezko artisautzan dihardut. Filigrana deitzen den teknika bat erabiltzen dut. Bitxiak, orri-markatzaileak, koadroak eta gonbidapenak sortzen ditut, adibidez.

Orain gonbidapenak euskaraz egiten hasiko zara.
Bai, jendeak esaten dit ez dituela aurkitzen gustukoak dituen ezkontzetako gonbidapenak euskaraz, beraz, horretan jardutea erabaki dut.

Ferixa Nausiko jaietan zuk zeuk egindako artisautza produktuekin osatutako postua jarri zenuen. Beste azoka batzuetara ere joaten zara?
Jaietan oso ondo irten zen dena. Gainera, bigarren eskukoen azokan eta artisautza azokan ere parte hartu nuen. Bizkaian antolatzen dituzten beste azoka batzuetara ere joaten naiz.
 
Zein harrera izaten duzu?
Produktu hauek berriak direnez, harrera oso ona izan dute. Paperez eginda daudela esaten diegunean jendea harritu egiten da. Ukitu daitekeen galdetzen digute. Papera denez, oso delikatua izango dela pentsatzen dute, baina gainetik duen barniz ekologikoagaz busti egin daiteke.

Indian ere artisautzan jarduten zenuen?
Eskulanak betidanik izan ditut gustuko. Postalak egiten nituen lagunei emateko, eta apurka-
apurka belarritakoak eta bestelako produktuak egiten hasi nintzen.

Teknika hau zelan ikasi duzu?
Bitxigintzan probak egiten hasi nintzen. Aldizkarien paperagaz hasi nintzen. Ondoren, kartulinak erabiltzeari ekin nion. Facebooken ipintzen hasi ginen, eta lagunek gustuko zutela esaten zidaten. Beste pertsona batzuei oparitzeko bitxiak enkarguz egiten nizkien.

Webgunea ere baduzue.
Bitxiak saltzeko eta ezagutzera emateko azoketara joaten, eta anhita.es webgunea martxan ipintzen ari gara.

Bitxigintzan zer pauso eman gura dituzu?
Tailer bat martxan jartzea da asmoa, bezeroak ere bertara etorri ahal izateko. Made in Elorrio produktuak izango lirateke.

Produktu hauek ekoizteko materiala nondik ekartzen duzue?
Materiala Ingalaterratik ekartzen dugu. Papera ebakitako  zatietan erosten dugu.

Kainabera elkarteak antolatzen duen bazkarian Indiako janaria prestatzen duzue. Osagaiak non erosten dituzue?
Osagaiak Indiara goazenean erosten ditugu sarritan, hemen aurkitzea zaila izaten da eta. Egun polita izaten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!