Eguena Dolu Eguna izendatu du Elorrioko Udalak

Anboto 2014ko urr. 1a, 17:28

Metal Smelting enpresan beharrean zebilela hildako Endika Ruano gaztearen familia eta lagunei elkartasuna adierazi die udalak, adierazpen instituzional baten bidez. "Honelako gertaerak onartezinak dira, eta beharrezko neurriak hartu behar dira berriro gerta ez daitezen", azaldu du udalak.

Dolu Eguna izango da biharkoa Elorrion. Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, eta bertan azaldu du erabakia. Ikurrina erdira bajatuko du, eta langileek deitutako mobilizazioekin bat egingo du.

Hausnarketa sakona egin dute ordezkari politikoek agirian. Gogoratu dute langile gazteak bera eta bere familiaren bizibidea ateratzen zebilela galdu duela bizia. "Gure gizarte garatu honetan, ditugun aurrerapen teknologiko guztiekin, honelako gertaerak onartezinak dira, eta beharrezko neurriak hartu behar dira berriro gerta ez daitezen. Horregatik, arazo sozial handi baten aurrean aurkitzen gara". Etekin ekonomikoa pertsonen segurtasunaren gainetik ezin dela ipini oharatarzi dute. Horren harira, gertatutakoa ikertzeko behar diren bitartekoak ipiniko ditu administrazioak, eta herriko enpresa guztiei segurtasunerako arautegia betetzeko deia egin die.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!