Paco Etxeberria, auzitegi medikua: "Memoria historikoaren inguruan jakin gabe berba egiten duen jendea dago"

Anboto 2014ko ira. 27a, 09:30

36ko gerrako hobi komunen azterketetan egiten diharduten lanaren berri emateko asmoz, Paco Etxeberria auzitegiko medikua hitzaldia eskaintzekoa zen atzo, Iturri kultur etxean. Azken orduko eragozpenak medio, Jimi Jimenezek eman zuen berbaldia.


‘Exhumando fosas, recuperando dignidades’ izenburupean eman gura zenuen berbaldia Elorrion. Gaia zein ikuspuntutatik landu gura zenuen?
Egiten duguna azaltzea da asmoa, oraindik ere, jakin gabe eta topikoak erabilita berba egiten duen jendea baitago. Zalantzak dituzten pertsonak guregana gerturatzen direnean, ekimen hauek dituzten alde onez konbentzitzen ditugu. Ekimen hauek aurrera eramatea beharrezkoa dela ohartzen dira, duten balio demokratikoarengatik eta hezitzailearengatik.

Bestalde, Argiñetako indusketan parte hartu duzu. Zer lan garatu duzue?
Bizkaian, arkeologia arloan, esperientzia handiko lantaldeek dihardute lanean. Lan handia egin da, eta, kasu horretan, lekuarengatik, ikerketa mota hau egin behar zen. Emaitzak ondare kolektibora bideratu daitezke. Zientziari eta kulturari buruz berba egitea oso positiboa da.

36ko gerrako hobi komunen indusketetan lan handia egin duzu. Herri askotan hobiak egon zitezkeela uste izan arren,   inork ez du ikerketarik egin urtetan. Zelan ekin zenion ikerketa bide horri?  
Askok bidegabeki kritikatu duten mugimendu zibila izan da. Orain denok dakigu biktimek memoriarako eskubidea dutela, eta gizarteak memoriaren beharra duela. EHUko irakasle naizenez, laguntza eskatzen didatenak ezin ditut erantzunik gabe utzi. Gai honetan ez du balio neutrala zarela esateak, giza eskubideen urraketa bat baita.

Batzuek zioten gertatutakoa aztertzeak zauriak zabalduko zituela. Pentsatzeko modu hori aldatu egin da?
Geroz eta ulermen handiagoa dago, eta alderdi politiko guztiek beraien programetan memoria eta oroimena barneratuko dituzten unera helduko gara.  

Lehendakariak joan zen asteburuan Elgoibarren (Gipuzkoa) memoria historikoaren arloan Eusko Jaurlaritzak jarraituko duen programa iragarri zuen. Zer deritzozu?
Urteak dira Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubideen Zuzendaritzatik, memoria historikoaren inguruan hainbat ekimen martxan jartzen dituela. Denok hartu dugu esperientzia nahikoa NBEk exigitutako nazioarteko irizpideak beteko dituen plan bat garatzeko.

Valladoliden (Espainia) ekin zenion medikuntza ikasteari. Espezialitate moduan zergatik aukeratu zenuen auzitegiko mediku izatea?
Auzitegiko medikuntza ikasketen azken urtean ikasten da, eta ikasgai interesgarria zela iruditu zitzaidan. Irakasleei forentse izan nahi nuela esan nien, eta ikasketak amaitu eta urtebetera lanean hasteko aukera eskaini zidaten.

Lanean hasi zinen sasoi hartatik hona arlo horretan aldaketa handiak gertatu dira?
Ordutik hona aldaketa handiak gertatu dira, hoberako gainera. Oinarrizkoena Auzitegi Medikuntzako Erakundea sortzea izan da, forentse taldeak berrantolatuta talde-lana bultzatzeko, protokoloekin eta koordinazioagaz.

Espeleologian diharduzu. Badago paralelismorik auzitegi mediku baten lanaren eta espeleologo baten jardueraren artean?
Bi kasuetan norberak misteriotsua dena eta ezkutuan dagoena bilatzen du. Mendi baten barruan murgiltzea gizakiaren gatazken arrazoiak ulertzen saiatzea bezalakoa izan daiteke.

Oso autopsia ezagunak egin dituzu. Besteak beste, Lasa eta Zabalarenak. Zelan bizi izan zenuen sasoi hura? Zelan gogoratzen duzu?
Gauza bakarrean zehaztu ezingo nukeen presio orokor bategaz bizi izan nuen garai hura, baina argi nuen nire txostenak garrantzitsuak zirela.

Beste kasu ezagun bat José Bretonen seme-alabena da. Zelan heldu zinen kasu hori ikertzera?
Gezurra badirudi ere, kasualitatea izan zen: kasuko argazki batzuk ikusterakoan. Kasuan ziharduten adituekin berba egiterakoan konturatu nintzen ikerketaren norabidean zegoen hutsegiteaz, eta, oker egindako txosten baten eraginez, hainbat akats gertatu zirela.

Sarritan zure lanak egoera gogorrak bizitzera eramango zintuen. Inoiz bizitza pertsonalean ere eraginik izan al du?
Hori ezagutzen nautenek erantzun beharko lukete. Guztiak balio izan dit nire burua hobeto ezagutzeko eta bizitza ikuspuntu kritikoago batetik ikusteko. Azken finean, egiaren bilaketan emaitza ez da ia inoiz osotasunean lortzen, batez ere, giza gatazketan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!