Ross Harper: "Eskoziako erreferendumak pasioa piztu du jendearengan"

Anboto 2014ko ira. 26a, 11:40

Ingeles irakaslea izan aurretik ogibide ugari izan ditu Ross Harperrek: pizzagilea, baserritarra, leihogilea eta golf zelai bateko arduraduna. Joan zen eguenean Eskoziako kilt gonagaz irten zen kalera. Erreferendumean ezin izan zuen bozkatu, bizilekua Euskal Herrian duelako, baina baietza barru-barruan darama.


Galdeketaren emaitza ezagutu eta astebetera, zein gorputzaldi gelditu zaizu?
Lehenengo egunetan dena onartzea zaila egin zitzaidan, baina hainbat alderdi positibo daudela iruditzen zait. Baietz bozkatu duen %45aren artean, hau da, 1,6 milioi lagunen artean, gehienek 55 urtetik behera zituzten. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalean ere azken aste honetan hainbat pertsona ari dira izena ematen. Hiru egunean 10.000 lagun inguru izan zirela irakurri dut.

Politikagintzak interesa piztu du Eskozian?
Eskoziarrek duela hilabete batzuk ez zuten politikagintzarenganako interesik. Azken bi asteetan, berriz, jendea pentsatzen hasi da. Jendearengan pasioa piztu dute, eta hori garrantzitsua da. Hala ere, nik uste dut beldurra nagusitu dela. Gainera, hainbat hobekuntza egingo dituztela zin egin dute, baina ez dituzte beteko, eta ezetzaren ondorioak ezagutuko dituzte eskoziarrek. Dena dela, bataila irabazi dute, baina ez guda.

Zure lagunek eta familiak zelan bizi izan dute erreferenduma?
Nire ama eta inguruko hurbilekoak baiezkoaren aldekoak dira. Nire anaia batek urritasun bat zuen, eta orain lau urte hil zen. Laguntza guztiak murrizten ari zitzaizkigula ikusi genuen. Nire osabek baserri bat dute, eta arlo horretan ere murrizketak egin dituzte, eta baiezkoaren aldekoak dira. Baina enpresak dituzten izeba-osabak ere baditut, eta horiek ezezkoaren alde egon dira. Aberatsei zergak jaitsi dizkiete. Lagunen artean ere denetarik izan dut. Bankuetan eta antzeko enpresetan dabiltzanek, Britainia Handiagaz lan egiten dutenek, ezezkoa eman dute.

Hedabideekin oso kritikoa zara.
Bai; hedabide gehienek, BBC barne, ezezkoaren aldeko kanpaina egin dute. BBCren albisteak lantzeko moduagaz oso haserre egon da jende asko. Manifestazio bat egin zuten telebista katearen estudioen aurrean, eta ez zuten ezer esan. Baina 200 lagunek Edinburgon ezetzaren alde egindako manifestazio baten inguruko informazioa eman zuten. Bestalde, hedabideetan agertuko ez den arren, sare sozialetan bozka batzuen zenbaketan tranpa egin dutela zabaldu dute.

Eskoziar batek zer egiten du Elorrion?
Aberdeenekoa naizen arren, Edinburgora joan nintzen unibertsitatean ikastera, eta Durangoko ikasle batzuekin pisua partekatu nuen. Horrela, Durangoko lagun batek bertara etortzeko esan zidan lana aurkitzera. Baina bera Benidormera joan zen neska-lagunarekin bizitzera, eta nire abenturari hantxe ekin nion orain hamar urte. Zortzi hilabete egin nituen Benidormen. Ondoren, Madrilera joan nintzen hilabete bi. Durangon, Zornotzan eta Mungian ere egon naiz bizitzen. Eta, orain, Elorrion bizi naiz neska-
lagunagaz.

Ingeles irakaslea zara orain, baina aurretik ogibide bitxiak izan dituzu.
Golf zelai batean lanean jardun nuen, Larrabetzun, eta baserri batean ere egon nintzen, Diman, behiak zaintzen. Horren aurretik lau urtez aluminiozko leihoak egiten ibili nintzen. Madrilen, berriz, sukaldari jardun nuen, pizzak prestatzen.

Golfean aritzen zara?
Hemen golfa kirol elitista dela ematen du. Eskozian, aldiz, golfak esku pilotak hemen duen izaera bera du. Hemen herri bakoitzean pilotaleku bat duzuen moduan, han golf zelai bat dugu. Mundu guztiak jokatzen du.

Ingeles irakaslea zara: ingeles maila ona dugu euskaldunok?
Ahoskera izaten da arazoa. Portugalen edo Alemanian telebista eta filmak jatorrizko bertsioan ikusten dituzte azpititu luekin, eta aldea nabaritzen da. Hemen, ostera, dena bikoizten da. Bestalde, hori niri ondo datorkit ahozko eskolak emateko [barrezka]. Bestela, gramatika aldetik maila ona duzue.

Zer da Euskal Herritik gehien gustatzen zaizuna?
Giroa eta kaleko bizitza ditut gustuko. Jendea ere oso jatorra da.

Gutxien gustatzen zaizuna?
Hemen gustatzen ez zaidana beste herrialdeetan ere ez zait gustatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!