Udalatxeko AHTaren tunelean larrialdi irteerarik ez dagoela eta, gaia aztertuko dute Europan

Anboto 2014ko ira. 11a, 18:30

Udalatxeko (Elorrio) eta Induspeko (Aramaio) AHTaren tunelak larrialdi irteerarik barik eraiki ditu Adifek, Espainiako Gobernuaren menpeko garraio erakundeak. Egungo legediaren kontra doa hori, baina obra lege berriaren aurretik onartu izanak eztabaida zabaldu du. EH Bilduren galdera bati erantzunez, Europako Batzordeak gaia aztertuko duela azaldu du.


2006an onartu zen Udalatxeko tunela barneratzen duen obra zatia. Horren ostean, 2008an etorri zen Europako arau berria: 1.000 metro baino gehiagoko tuneletan larrialdi irteerak eraiki behar dira, kilometro bakoitzeko tunel bat, hain zuzen. Udalatxeko tunelak 3.191 metroko luzera dauka, eta, horregatik, hiru irteera egon beharko lirateke bertan. Adifek bere jarrera argudiatzeko esan du legearen aurretik zegoela diseinatuta obra. EH Bilduren iritziz, ostera, Adifek bazeukan proiektua aldatzeko denbora, obra 2009an ipini zelako martxan. Koalizioko Iosu Juaristik Europako Batzordeari galdetu dio ea gaiaz jakitun den, eta Batzordeak erantzun du gaia aztertuko duela. Europak erantzunean aipatu duenez, gobernuek salbuespenak eskatzeko aukera daukate horrelako kasuetan, baina egoera hori eman den egiaztatuko du.

EH Bilduko Dani Maezturen ustez, segurtasunaren eta eragin ekologikoen zein sozialen gainetik bultzatu dute obra: “AHTa bai ala bai egin behar dute. Ikusten gabiltza Zumarragan tunel bat behera jausi dela, segurtasun neurriak ez direla betetzen, zazpi behargin hil  direla obretan...”. Murrizketa sasoian, AHTaren lanetan dirua inbertitzea kritikatu du: “Jaurlaritzak urtero 360 milioi euro bideratzen ditu, eta Espainiak ordaintzen duela esan arren, ikusi da ez dela egia”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!