Elorrioko landaguneetan 22 etxe eraiki ahal izango dituzte

Anboto 2014ko abu. 30a, 09:15
Zenita auzoko ikuspegi bat.

Udalak landaguneei lotutako Plan Berezia onartu zuen uztaileko osoko bilkuran, auzoetan arau propioak zein bateratuak zehazteko. Gainera, etxebizitzak egiteko eskubideak ere ezarri zituzten, eta auzo guztiak kontuan hartuta, 22 etxe eraiki ahal izango dira.


Aurretiaz herri osorako diseinatu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorragaz lotura du landaguneenak, bertan landutakoaren garapena da eta. Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, “plan berriak zorroztasun osoz betetzen ditu ingurumen irizpideak, landagune horien ezaugarri den bizitzeko moduari eusteko”. Horregatik, “garrantzi berezia” eman diote auzoen betiko paisaiaren zainketari.

22 eraikin
Auzoetan 22 etxe egin ahal izango dira, batzuk familia bakarrekoak eta beste batzuk familia bikoak. Leiz-Miñotan altxatu ahalko dira gehien: zazpi. Horretarako, 28.000 metro karratu edukiko dituzte erabilgarri. Zenitan lau etxerentzako aukera eman dute, 11.000 metro karratuan; Aldapen hiru etxe, 12.000 metro karratuan; Berrion beste hiru, 9.000 metro karratuan; Mendrakan ere hiru, 11.000 metro karratuan; eta Gazetan etxe bi, 9.000 metro karratuan.

Udaleko eztabaida
Plana uztailean onartu zen, EAJren aldeko botoekin. Espainiako Ur Partzuergoak ez du babestu, Bilduren arabera, saneamendu arloan ez duelako argibide nahikorik ematen. Txostena bilkura baino egun batzuk lehen heldu zen, eta koalizioak eztabaida atzeratzea eskatu zuen. EAJk aurrera egin zuen, planak URA euskal agentziaren onespena duelako. Gainera, jeltzaleen arabera, Espainaiko partzuergoarena ez da loteslea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!