Gazetako kofradiak jaurtiko du Ferixa Nausikoetako txupinazoa

Anboto 2014ko uzt. 15a, 12:53
Fernando Azkarate, Ana Otadui, Joseba Attard eta Jone Guenetxea

Ferixa Nausikoetako nobedadeen berri eman du gaur Elorrioko Udalak. Gazeta auzoko kofradiako kideak izango dira jaiei hasiera ofiziala emango dietenak, irailaren 6an, txupinazoa eta pregoia jaurtita. Auzo honetako kofradiak 400 urte bete dituela azaldu du Ana Otadui alkateak. Gaineratu duenez, “Gazetako auzokideek Elorrioren jatorria diren landa inguruetako auzoetako biztanleen lan guztia sinbolizatzen dute”.

Ferixa Nausikoetarako nobedadeen artean, aurten su artifizialak berreskuratuko dituztela nabarmendu dute jaien antolatzaileek. Era berean, umeei zuzendutako ekintzak ugaritu egingo dituzte. Horretarako, animazioz betetako hiru erromeria izango dira. Gainera, aurten tren txu-txua eta tobogan erraldoia ere izango dira.

Urtero jendetza biltzen duten ekitaldiei eutsiko diete aurten ere. Sukalki Eguna, helduen eta umeen danborrada, karrozen jaitsiera, bertsolariak eta beste hainbat ekitaldik egitaraua biribilduko dute. 

Atsoak eta astoak

Joseba Attard eta Aiert Zubigarai dira jaiak iragarriko dituen kartelaren egileak. "Parte-hartzea eta jaien alaitasuna" islatu gura izan dituztela azpimarratu du Attardek. Jone Guenetxea Anboto astekariko zuzendariak 500 euroko saria eman dio jaien aurkezpenean Attardi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!