Jabier Muguruza: "Disko biluzia nahi nuen, baina kolore instrumental berri batzuekin"

Anboto 2014ko uzt. 13a, 10:45

Musikaire jaialdiaren barruan, kontzertua eskainiko du gaur, 20:00etan, Jabier Muguruzak. Elorrioko Tola jauregian izango da hitzordua. Iazko urrian kaleratu zuen diskoa, ‘Beste Hogei’ izenburukoa, aurkeztera dator. Hamar kantako diskoa da Muguruza irundarraren hamabigarren hori, eta Mikel Azpiroz pianistagaz grabatu zuen. Pianista horrek lagunduta izango dira entzungai Muguruzaren ahotsa eta eskusoinua.


Zelako kontzertua prestatu duzue Elorrion eskaintzeko?
Garai honetan azken diskoa aurkezten gabiltza eta Elorrion ere horixe egingo dugu: Beste Hogei obraren zuzeneko defentsa.  


Zure ibilbide osoko kantaren batzuk joko dituzue, ala ‘Beste Hogei’ azkenengo diskoko kantak joko dituzue bakarrik?
Azkeneko diskoa hartuko dugu ardatz, baina badaude kantu zaharrago batzuk ere ia derrigorrez jo behar direnak, bestela publikoak faltan botatzen ditu.

Diskoaren grabazioaren ardura izan duen Mikel Azpiroz izango duzu laguntzen, Elorrion, ezta? Harreman berezia da Azpirozegaz daukazuna?
Gure harremana ez da berria, bera izan baitzen Fiordoan eta Hain guapa zaude aspaldiko diskoetako pianojolea. Geroztik, modu batera edo bestera, beti mantendu dugu harremana, profesionala eta pertsonala. Orain, pianoa jotzeaz gain, moldaketen arduraduna ere bada. Primeran moldatzen gara, eta ez eszenatokian bakarrik, baita bidaietan, furgonetan, eta ofizioak dakarren abar luze horretan.

Zelan joan zen grabazioa? Zer ukitu eman dio Azpirozek grabazioari? Zeren bila jardun zarete grabazio horretan?
Grabaketaren prestaketa martxan jarri baino lehen, luze hitz egin genuen, eta garbi azaldu nion bilatzen nuen kontzeptua. Disko biluzia nahi nuen, Bikote bat-en estilokoa, baina kolore instrumental berri batzuekin. Bera oso ondo egokitu zen ideia nagusi horretara, eta giro guztiz egokiak asmatu zituen kantuetarako, musikari bikaina da-eta.

Aurreko lanetan bezala, hainbat euskal idazle lagunek sorturiko letrak bildu dituzu diskoan. Gizarte gaiei lotuago daude disko honetako letrak?
Bai, batetik betiko tematika intimista hori dago, publikoko pertsona bakoitzari, banan-banan hartuta, abestea bilatzen dudana. Baina oraingoan, horretaz aparte, nahi nuen gizartean gertatzen ari direnak modu nabarmenagoan azaldu, erabat lotsagarriak direlako.

Lehenago ere jo izan duzu Elorrion? Zer oroitzapen duzu?
Elorrion jota nago, bai, duela urte batzuk Arriola Kultur Aretoan. Oso oroitzapen ona gordetzen dut kontzertu hartakoa.
 
Eman diozu begiratua Musikaireren programazioari? Zer iruditzen zaizu eskaintza?
Luxuzko programazioa da, inongo dudarik gabe. Musika maite duen inork ez dizu hori ukatuko. Gainera, horietako dexente lagunak ditut eta horrek ere ilusio berezia egiten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!