Arazo teknikoak konponduta, gaur zabalduko dituzte igerilekuak

Anboto 2014ko uzt. 8a, 09:00
Elizaldeko igerilekuak joan zen eguenean inauguratu zituzten, baina barikuan bertan itxi egin behar izan zituzten, arazo teknikoengatik urak gainezka egin zuelako. Konpondu ostean, gaur arratsaldean zabalduko dituzte berriro.

Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi du eguen gauean gertatu zela arazoa, "euri indartsuagatik". Antza denez, Ur Partzuergoko azpiegiturak ez zuen ondo funtzionatu, eta urak gainezka egin zuen igerilekuetan. Horregatik, gaur arte itxita egon dira. Arazoa konpondu dela esan dute, ura birsortzeko bonba elektrikoak martxan daudela berriro.

Horrela, gaur arratsaldean zabalduko dituzte igerileku txikia eta ertaina, eta bihar txirristak dauzkana. Udalak adierazi du herrian ilusioa sortu duela azpiegitura berriak, eta arazoa ezustekoa izan dela. Konpentsazio lez, irailean hilabete osoan egongo dira zabalik igerilekuak, eta ez hilabete erdira arte, hasieran aurreikusi moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!