Gernikak bigarren urtez jarraian irabazi du herri artekoa

Anboto 2014ko uzt. 7a, 09:42
Gernikako pilotariak, eta, Bizkaiko federazioko eta Elorrioko Udaleko ordezkariak sari banaketan
Elorrioko frontoi irekian jokatu zen finala zapatuan. Gernikak kadete eta nagusietako partiduak irabazi zizkion Markinari.

 

Eguzkia lagun, frontoi irekian jokatu ahal izan zituzten finalak. Harmailak goraino bete ziren eta jendeak edozein zirrikitu aprobetxatu zuen partiduak zutik ikusteko: 600 lagun inguruk bete zuten pilotalekua.

Goizean hirugarren eta laugarren postuak erabaki zituzten Elorriok eta Zornotzak. Elorriok gazte eta nagusietako partiduak irabazi zituen eta zaleen aurrean txapelketa oso ona borobildu zuen. Arratsaldeko finalean, herri biek gazte mailetako partidu bana irabazi ostean, nagusietan erabaki zen txapela. Kadeteetan Markinak 13-22 irabazi zuen; gazteetan Gernikak finala berdindu zuen 22-15 irabazita. Nagusietan espero baino oreka gutxiago izan zen: 22-11. Markinarren bikotean Andoni Malaxetxebarriak aurrelari jokatu zuen eta normalean atzean aritzen dela igarri zen. Jon Bilbao gernikarrak, aldiz, Malaxetxebarriari falta izan zitzaizkion dohai denak erakutsi zituen: arin defentsan eta azti tantoa amaitzerako orduan. Final oso ona jokatu zuen Gernikagaz jokatzen duen morgarrak. Horrela, iazko txapela berritu du Gernikak. Iaz ere Markina menderatu zuen finalean. Gernikak Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketa irabazten duen bosgarren aldia da

Finala Pako Arroiabe gogoratzeko ere baliatu zuten. Aurten hil da Arroiabe. Pilotaria izan zen, baina batez ere pilota egile lez zen ezaguna. Arroiaberen inguruko argazki bilduma erakutsi zuten errebotean ipinitako pantaila handian eta, ondoren, bere familiak hainbat oroigarri jaso zituen pilota zaleen txaloen artean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!