Gernika eta Markina herri arteko txapelaren bila Elorrioko pilotaleku irekian

Anboto 2014ko uzt. 3a, 14:24
Finaleko protagonistak, atzo Elorrion egindako aurkezpen ekitaldian
Bizkaiko Herriarteko Pilota Txapelketan iazko finala errepikatuko dute zapatuan Markinak eta Gernikak.

 

Larunbatean, Bizkaiko Herriarteko Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Elorrioko pilotaleku irekian. Goizean, 11:30ean, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituzte Elorriok eta Zornotzak. Arratsaldean, 17:30etik aurrera, Markina eta Gernika txapelaren bila lehiatuko dira.

Eguraldi ona egiten badu, finalak pilotaleku irekian jokatuko dira; euria egiten badu edo euria iragarrita badago, pilotaleku estalian. Euskalmeten iragarpenen arabera, euria egin dezake. Antolatzaileek finalaren egunean bertan hartuko dute azken erabakia.

Pilotaleku batean edo bestean jokatu alde handia dago. Irekian pilota askoz gutxiago ibiltzen da; labur esanda, defentsa lanetarako erraztasunak eskaintzen ditu, baina pilotari bizi eta erasotzaileentzat ez da aproposa. Pilotaleku irekian harmaila bereziak ipini dituzte, eta 550 lagun esertzeko tokia dago. Pilotaleku batean zein bestean sarrera doakoa izango da.

Elkar ondo ezagutzen duten herri bi neurtuko dira. Iazko finalak protagonista berberak izan zituen, eta Gernika nagusitu zen. Markina eta Gernika azken urteetan finalik gehien jokatu duten herriak dira Zaratamo eta Galdakaogaz batera. Azken sei urteetako final denak lau herri horien artean erabaki dira. 2007tik hona Markina lau finaletara heldu da –aurten bosgarrena– eta hiru irabazi ditu; epealdi berean, Gernikak hiru final jokatu ditu –aurtengoagaz lau– eta behin irabazi du. Herriartekoaren historian Markinak hiru txapel ditu (2008, 2010 eta 2012) eta Gernikak lau (1993, 1995, 1998 eta 2013).

Hiru kategorietako partiduei errepasoa

Zapatuko partiduei begira, kadete mailan ez dago faboritorik. Markinako entrenatzaile Peio Urionabarrenetxearen esanetan, “Gernikak aurrelari errematatzailea du; gu partidua atzean kargatzen saiatuko gara, eta, aukera dagoenean, aurrean amaitzen”. Gernikaren atzelari Aitor Pascual ez da jotzailea, baina bai ‘buena’ asko egiten duena eta partidua frontoi irekian jokatzeak lanak erraztu diezazkiola uste du Gernikako entrenatzaile Arkaitz Castañaresek. Partidua irabazteko gernikarren arma nagusia aurrean dago, Alexis Arrizabalagaz: “Aurrelari ausarta da eta ezker gantxoa ondo menderatzen du”, Castañaresen esanetan.  Laukotean Arrizabala da kadete mailako adina duen pilotari bakarra 16 urtegaz; beste hirurek 14 urte dituzte (haur-kategoria).

Gazte mailan Gernikako Aitor Etxebarria aurrelaria da laukoteko izar nagusia: “Bere kategorian Bizkaiko pilotaririk onena da”, Urionabarrenetxaren ustez. Beraz, kadeteetako partiduaren antzera, markinarrak atzealdean hasiko dira partidua lantzen. Era berean, Markinako atzelari Mikel Urizar maila handian dabil; agintzea lortzen badu, lehia estua irten daiteke.

Senior mailako partidua “Gernikaren alderantz” eroriko denaren esperantza du Castañaresek. Aitor Irustak eta Jon Bilbaok bikote indartsu eta orekatua osatzen dute: “Aitorrek atzean agintzen badu, aurrean Jon errematatzaile petoa da. Horrez gaitera, Joni tantoa sartzea oso zaila da”. Urionaetxebarriak badaki partidu zaila izango dela Markinarentzat, baina badu konfiantza bere pilotariengan: “Gure bikotea ondo orekatuta dago. Ondo jokatuz gero, irabazteko aukerak izango ditugu”.

Frontoi irekiak ez ditu konbentzitzen

Pilotaleku irekiari buruzko iritzia eskatuta, Urionabarrenetxeari “txarto” iruditzen zaio finalak hor jokatzea: “Pilotariak urte osoan topera entrenatzen dabiltza eta ez dago eskubiderik finalak hor jokatzeko. Esperientzia berriak beste txapelketa batzuetan egin daitezke, baina herriartekoa txapelketa garrantzitsuegia da horretarako”. Castañaresen ustez ere, “ez da pilotaleku egokia”, baina ez da hain kritiko gaertu: “Herritarrentzat eta herriarentzat ondo dago, erdigunean jokatzen delako. Gure ikuspuntutik begiratuta, gatxa da horrelako frontoi batean jokatzea. Baina egoera desberdinetara moldatzeko abilidadea izan behar dugu. Gauza polita irten daiteke eta ea finalek zer eskaintzen duten”.

 

FINALEKO PROTAGONISTAK

Gernikako pilotariak kadeteetan:

- Aurrelaria: Alexis Arrizabalaga. Nabarniz, 16 urte.

- Atzelaria: Aitor Pascual. Gernika, 14 urte.

 

Gernikako pilotariak gazteetan:

- Aurrelaria: Aitor Etxebarria. Nabarniz, 18 urte.

- Atzelaria: Markel Esain. Gernika, 16 urte.

 

Gernikako pilotariak nagusiak:

- Aurrelaria: Jon Bilbao. Morga, 21 urte.

- Atzelaria: Aitor Irusta. Munitibar, 22 urte.

 

Markinako pilotariak kadeteetan:

- Aurrelaria: Josu Agirreamalloa. Markina, 14 urte.

- Atzelaria: Aimar Ibarloza. Markina, 14 urte.

 

Markinako pilotariak gazteetan:

- Aurrelaria: Jon Zubikarai. Etxebarria, 18 urte.

- Atzelaria: Mikel Urizar. Markina, 17 urte.

 

Markinako pilotariak nagusietan: 

- Aurrelaria: Andoni Malaxetxebarria. Berriatua, 30 urte.

- Atzelaria: Kepa Kastillo. Etxebarria, 26 urte.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!