Zabaldu dituzte Elizaldeko igerilekuak

Anboto 2014ko uzt. 3a, 13:18
Azkenean errealitate bihurtu da Elizaldeko kanpoko igerilekuen proiektua. Udalean eztabaida eragin duen prozesu baten ostean, inauguratu dute instalazioa, eta ate irekien jardunaldia egin dute gaur, herritarrei doan sartzeko aukera emanda. Ikastetxe bakoitzeko ume batek ebaki dute hasierako zinta.

Ana Otadui alkatea (EAJ) pozik agertu da inaugurazioan. “Egun garrantzitsua da, hainbat eta hainbat elorriar belaunaldiren ametsa errealitate bihurtu delako. Instalazio hauetaz disfrutatzeko aukera paregabea edukiko dugu, eta seguru nago elorriar guztion topagune izango direla”. Herritik irten barik udaz gozatzeko aukera eman gura izan diete herritarrei. Igeri egin eta bainua hartzeko hiru leku ditu instalazioak: txikia, ertaina eta txirristak dauzkan beste bat. Dutxak eta taberna ere egokitu dituzte eremuan.

Horretaz gainera, herrian eduki lezakeen eragin ekonomikoa ere badute helburu. Gainera, hogei lanpostu sortu direla nabarmendu du Otaduik.

Bildu ez da igerilekuen kontra agertu, baina kritikoa izan da proiektua egiteko moduagaz: “Gobernu taldeak antzezlana atondu du, aldez aurretik hartua zuen erabakia justifikatzeko”. 1,2 milioi euroko proiektua finantzatzeko, maileguan sartzeaz gainera, etxe bi eta lursail bat saldu izana txarto ikusi du. Interes elektoralagatik presaka ibiltzea ere leporatu dio gobernu taldeari; belarra jartzeko 180.000 euro erabili direla, eta, ereinez gero, hori aurreztuko zatekeela ohartarazi du. Bestalde, Idoia Buruaga zinegotziak azaldu du joan zen eguaztenean ur barik edo presio barik egon zirela auzo batzuetan, igerilekuak betetzeko lanengatik, eta udaleko arduradunek ez zutela abisatu. Gainera, udalekuetakoak inaugurazioan behartuta egon direla kritikatu du.

Edozelan ere, “denon dirua” erabili denez, igerilekuak aprobetxatzeko eta ondo pasatzeko deia egin du Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!