Hiru jauregitako eta plazako emanaldiak zentzumenen gozagarri, barikutik aurrera

Anboto 2014ko uzt. 1a, 09:00
Herriko plazan eta Elorrioko ondare arkitektoniko aberatsaren erakusle diren hiru jauregitan atonduko dituzte, aurten, Musikaire jaialdaren emanaldietarako agertokiak. Carmen Souza, Manel, Kepa Junkera, Jabier Muguruza... Euskal Herriko kultur sortzaileen zein nazioartekoen doinuak entzuteko eta dantza edo arte eszenikoen ikuskizunez gozatzeko doako eta kalitate handiko emanaldiak eskaintzen ditu Musikairek.

Herriko plazako, eta Tola, Lariz eta Casajara jauregietako emanaldiek osatuko dute jaialdia. Guztira hamabi emanaldi jasoko ditu Musikaire jaialdiaren aurtengo egitarauak, uztailaren 4an hasita. Afrikako eta Portugalgo doinuen eraginetik jazzerainoko ibilbidea egin duen Carmen Souza abeslariak zabalduko du jaialdia, uztailaren 4an, Lariz jauregian. Jazzetik jarraituko du Musikairek lehenengo asteburuan. Uztailaren 5ean, baina, Euskal Herriko jazzaren erakusle, Hasier Oleaga bateria-jotzailea buru duen boskotea ariko da. Dantza garaikideko hiru piezak itxiko dute 2014ko Musikaireren lehenengo asteburua.


Uztaileko hurrengo hiru asteburuetan ­–uztaileko bariku, zapatu eta domeketan–, udako gaugiro epelean, denetariko kultura eskaintza izango da gozagai Elorrion: besteak beste, Antonio Zambujoren fadoa, Mikel Laboaren omenez Tanttaka Teatroa taldeak sorturiko Zazpi aldiz elur ikuskizuna, Habib Koité malitarraren Afro-pop doinuak, Manel taldearen indie-folk katalana, eta Jabier Muguruzaren eta Kepa Junkeraren lanak izango dira entzungai.

Egitaraua:

  • UZTAILAREN 4an, 22:30ean: Carmen Souza - Lariz jauregian
  • UZTAILAREN 5ean, 22:30ean: Hasier Oleaga - Larizen
  • UZTAILAREN 6an, 20:00eta: Dantza garaikidea - Larizen
  • UZTAILAREN 11n, 22:30ean: Habib Koité - Tola jauregian
  • UZTAILAREN 12an, 22:30ean: Antonio Zambujo - Tolan
  • UZTAILAREN 13an, 20:00etan: Jabier Muguruza - Tolan
  • UZTAILAREN 18an, 22:30ean: Kepa Junkera - Tolan
  • UZTAILAREN 19an, 22:30ean: Manel - Tolan
  • UZTAILAREN 20an, 20:00etan: Elkano Browning Cream - Tolan
  • UZTAILAREN 25ean, 22:30ean: Elfenthal - plazan
  • UZTAILAREN 26an, 22:30ean: Zazpi aldiz elur - plazan
  • UZTAILAREN 27an, 20:00etan: Antzerkia - Casajara jauregian
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!