Igerilekuetako obrak saboteatu eta 3.200 euroko kalteak eragin dituzte

Anboto 2014ko mai. 23a, 13:01

Gobernu taldeak (EAJ) prentsa agerraldia egin du bart gauean jazotako gertakariak salatzeko.

"Hori ez da gauzak egiteko modua. Horrela Elorrio suntsitu baino ez da egiten". Ana Otadui alkateak eman du gertakariaren berri, Joseba Mujika alkateordeak eta Fernando Azkarate eta Aitor Agirre zinegotziek lagunduta. Bart gauez izan da erasoa. Baldosak, makina baten kristala eta obretako materiala apurtu dituzte ezezagunek. Kalteen balorazioa egin dute udalean, eta 3.200 eurokoa dela azaldu dute. Seriotasun handiz egin du berba Ana Otadui alkateak: "Minduta eta oso desengainatuta gaude". Adierazi du kanpoko igerilekuena proiektu estrategikoa dela, "bai gobernu taldearentzat, bai Elorrioko herritarrentzat". Otaduiren ustez, oporraldia kanpoan pasa ezin dutenei disfrutatzeko aukera bat emango die proiektuak.

Kritika horregaz batera, gobernu taldearen ekimena berretsi eta aurreikusitakoa beteko dutela esan du: "Uda honetan igerilekuak zabalik egongo dira eta elorriar guztiok bertan gozatzeko aukera ezin hobea edukiko dugu".

Legealdi honetako obra garrantzitsuena da Elizaldeko kanpoko igerilekuena, EAJk hauteskunde kanpainan aurkeztutakoa. Milioi bat euroko aurrekontua dauka, eta udalak 2013ko udan erabaki zuen finantzazioa; bankuetako dirua, soberakina eta etxe biren salmentatik ateratakoa erabili dute. Bilduk gobernu taldearen proiektua ez du babestu, herriaren etorkizun ekonomikoa baldintzatu dezakeela iritzita. Gainera, egitasmoa interes elektoralagaz erabiltzea egotzi izan dio sarritan EAJri. Jeltzaleek, baina, udalaren egoera ekonomikoa ona dela azaldu izan dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!