Intxorta asti elkartearen 25. urtemuga ospatuko dute zapatuan

Anboto 2014ko api. 1a, 09:39
Intxortako 20.urteurreneko familia argazkia.
Umeei aisialdirako alternatiba eskaintzeko asmoz sortu zen Intxorta 1989an. Urteurrena ospatzeko eguna izango da zapatua. Goizetik ibiliko dira martxan eta bazkaritarako eta erromeriarako batuko dira eta familia argazkia ere aterako dute.

 

Elorrioko umeei aisialdirako edo denbora librerako alternatiba bat eskaintzeko asmoz hainbat gazte batu ziren 1989an. Intxorta asti elkartea jaio zen horrela, eta ordutik hona makina bat ume eta gazte elkartu izan dira ideia beraren inguruan. Sorrera hartatik 25 urte pasatu dira dagoeneko, eta urtemuga berezi hori bihar ospatuko dute.


25 bat begiralek osatzen dute taldea. Umetan Intxortako ekintzetara joandakoak, orain begirale bihurtuta. Horietako bat da Maialen Piña: “Guri eman zigutena eman gura dugu”. Intxortan apuntatutako umeekin zapatuetan egoten dira, eta udarako kanpamendu zabalak antolatzen dituzte. Azken urteetan goraka joan da partaide kopurua; duela lau urte 40 inguru hartzen zituzten, eta iaz 120. Udalekuen xarma nabarmendu du begiraleak, eta umeek asko ikasten dutela ere uste du.


Zapatuan elkartu eta disfrutatzeko eguna izango da. 11:00etan puzgarriak eta tailerrak egongo dira plazan, 13:30ean poteoa egingo dute eta 14:30ean argazkia aterako dute bazkaldu aurretik. 19:00etan, erromeriari ekin eta musikagaz amaituko dute eguna. Hurrengo asteetan ere jarraituko dute ekitaldiekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!