Elorrioko EAJren ustez Bilduk oposizio "suntsitzailea" egiten du

Anboto 2014ko mar. 20a, 16:18
Bilduk prentsaurrekoa eman zuen martitzenean, EAJren gobernu taldeak egindako gestioa kritikatzeko. Bilduren ustez, EAJk hauteskundeetako botoetan bakarrik pentsatzen du. Kritika horri erantzun diote jeltzaleek.

Bilduk  oposizio “suntsitzailea” egiten duela diote jeltzaleek. “Barregarria da udal barruan babestu dituen proiektuen aurka agertzea jendaurrean”. Euren ustez Ibarrakoagaz egin dute hori. 

Zorra, aurreko legealditik jasotakoa dela diote, eta amortizatzea lortu dutela. “Ondoren, geldikina erabili barik bi proiektu estrategiko hauei aurre egiteko zorpertzeko gaitasuna daukagu”. Soberakina erabiltzea baino, egokiago ikusten dute zorpetzea. Bilduren kritikaren aurrean, ANVren legealdian 14 milioi euro gastatu zirela adierazi dute EAJkoek.  Gainera, ez dituzte ulertzen “bizi-kalitatea hobetu behar duten bi proiektu hauen kontra Bilduk dauzkan arrazoiak”. Igerilekuen bideragarritasun azterketa egina dagoela eta partaidetza prozesu bat garatu zela ere gogoratu dute.


EAJk helburu bakarra daukala esan dute: “Elorrio hobea eraikitzea guztiontzako”. Bilduri giroa nahastea leporatu diote: "Herritarrak ika-mika guzti hauekin kokoteraino daudela uste dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!