Bildu: "EAJk hauteskundeetako botoetan soilik pentsatzen du"

Anboto 2014ko mar. 19a, 09:00
Elorrioko Bilduk prentsaurrekoa eman du EAJren gobernu taldeari kritika gogorra egiteko. Euren ustez, "EAJk ez dauka herri ikuspegirik". Aurten inbertsioak egiteko udala zorpetu egin da, eta hori "hauteskundeak irabazteko asmoz" egin izana kritikatu dute.

"EAJ harro agertu izan da zenbat diru aurrezten ari zirela eta gutxi barru udalaren zorra kitatuko zutela azalduz". Bilduren ustez gestio hori ez da dirudien bezain ona. Diotenez, zor hori jeltzaleek sortu zuten Asuaren agintaldian, eta aurrezkia ez gastatzearen ondorio da: "Herritarrek zergak ordaindu, eta udalak dirurik gastatu ez".

Udal hauteskundeetarako urtebete bakarrik falta da, eta Bilduren iritziz hori da EAJren inbertsioak ulertzeko modu bakarra: "EAJk, ez gastatzearen sasoia amaitu dela erabaki du, datozen hauteskundeak irabazteko asmoz". Aurten gobernu taldeak 3.380.000 euro inbertituko dituela eta horretarako zorpetu egingo dela salatu dute. Elizaldeko kanpoko igerilekuen proiektuak eta Ibarrako zubiaren obrak milioi euro bana kostatuko dute gutxi gorabehera. Biak kubritzeko, soberakina erabiltzeaz gainera, maileguak eskatu ditu udalak. Etxe bi eta lursail bat ere saldu ditu igerilekuei aurre egiteko. EAJk igerilekuen bideragarritasuna bermatzen duen ikerlanik ez daukala adierazi du Bilduk, etorkizuneko egoera ekonomikoan eragin dezakeela ohartaraziz.

Inbertsioen zentzua ez dute ondo ikusten Bildukoek. Enpresen itxiera, industria arloko arazoak eta merkatarien zailtasunak "obrez egindako benda batekin" estali gura izatea leporatu diote EAJri: "Obra publiko asko begien aurrean, badabilen kudeaketa baten itxura saltzeko".

 

"EAJ eta PPren alkate"

"Orain, EAJ eta PPren alkate izatea nahikoa da". Bilduren arabera, Ana Otaduik ez du bete guztien alkate izateko egindako promesa. Gainera, diru publikoa zaintzeko irizpidea ere ez duela bete dio koalizioak: "Badirudi ahaztu egin dutela kudeatzen ari direna diru publikoa dela".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!