David Jiménez argazkilariagaz tailerra antolatu du Elorrio Argazki Elkarteak

Anboto 2014ko mar. 14a, 11:00
'Irudi baten bihotza' izenburuko tailerra gidatuko du David Jimenez argazkilari andaluziarrak (Sevilla, 1970), maiatzean, Elorrion. Elorrioko Argazki Elkarteak antolatu du ekimena, eta argazki munduan lanak garatzeko nahia duen edozeinek har dezake tailerrean parte.

 

"Gure ikuspuntua mundua eraikitzeko gai dela" ohartarazi gura ditu Jiménezek ikastaroaren parte hartzaileak, eta "planteamendu poetiko eta kontzeptualak zelan bideratu" eztabaidatzera gonbidatuko ditu argazkizaleak.

Hiru zatiko ikastaroa izango da Elorriokoa. Batetik, barne irudiek munduaren ulermenarekin duten erlazioa aztertuko dute, eta irudi baten esanahiaren arlo fundamentalak ere aztertuko dituzte. Bestetik, ideia bat zelan gauzatu ere landuko dute, arrazoia eta intuizioa zelan orekatu azalduko die Jiménezek parte hartzaileei. Amaitzeko, argazkigintzan ikuspuntuak, espazioak eta argiak daukaten garratziaz ere jardungo dira; hainbat autoreren lanak aztertu, eta baikoitzak bere hizkuntza propioa zelan bilatu duen ikusteko. 

Maiatzaren 10ean eta 11n, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango dira ikastaroaren saioak. Hamabost orduko ikastaroa izango da, eta 100 euro ordaindu behar da izena emateko. Parte hartzeko interesa duten argazkizaleek, elorriophoto@gmail.com helbidera idatzita eman dezakete izena. Bertan, izen-abizenak eta telefono zenbakia jakinaraziz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!