Ume izateari uzten diotenean, elorriarrek nabarmen jotzen dute gaztelerara

Anboto 2013ko aza. 27a, 14:30

Umeen %65,9ak egiten du euskaraz kalean. 15 urtetik 24 urtera, ordea, %28,3k erabiltzen du euskara. Adin talde guztiak kontutan hartuta, kaleko hamar elkarrizketatik hiru izaten dira euskaraz Elorrion

Umeen %65,9ak egiten du euskaraz kalean. 15 urtetik 24 urtera, ordea, salto handia dago; %28,3k erabiltzen du euskara. Adin talde guztiak kontutan hartuta, kaleko hamar elkarrizketatik hiru izaten dira euskaraz Elorrion.

 

Udaberrian egin duten kale-erabileraren neurketa kontutan hartuta, elkarrizketen %33,4 egiten dira euskaraz. 2008tik bost puntu igo da erabilera, orduan %28,4ko erabilera neurtu zuten eta.

 

Gorakada hori azaltzeko, ume eta gazteengan eskolak izan duen eragina aipatu du Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak. Herrian D eredua orokortu izanak ezagutzan eragin handia izan du: Euskaldunak eta ia euskaldunak kontutan hartuta, umeen %98 dira euskaraz berba egiteko gai, eta gazteen artean, %94,2. Horrela, alde handiagaz, umeek egiten dute euskara gehien Elorrion, %65,9k. Adin talde horretan igo da gehien erabilera azken bost urtetan; 2008an umeen %49,1ek egiten zuen euskaraz kalean.

 

Gaztarora heltzean, gaitasuna izan arren erabilera asko bajatzen da eta hamarretik hiru gaztek egiten dute euskaraz (%28,3k). Helduen erabilera pixka bat baxuagoa da, %26,2koa. Adinekoek erabiltzen dute euskara gutxien, elkarrizketen %19,9 kontatu dituzte euskaraz.

 

Durangaldeko datuak

Durangaldean, euskararen erabilera datuak baxuagoak dira, %20ak egiten du euskaraz. Ezagutza ere Elorriokoa baino baxuagoa da: Eskualdeko herritarren %49,1 dira euskaraz berba egiteko gai.

 

Altunak azaldu duenez, euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta ume eta gazteek euskaraz dakiten arren, askok eskolatik bakarrik jaso dute euskara, eta eremu formalarekin lotzeak eragina izan dezake kale erabileran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!