Bilduren ustez, igerilekuen proiektua "lekuz kanpo" dago

Anboto 2013ko eka. 11a, 14:21

Bildu ez dago ados EAJk aurkeztutako kanpoko igerilekuen proposamenagaz. "Gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoan, horrelako proiektuak lekuz kanpo daude", esan dute. Udalak partaidetza prozesua hasiko du, baina Bilduren ustez marketinga da, parte-hartzea beharrean

Bildu ez dago ados EAJk aurkeztutako kanpoko igerilekuen proposamenagaz. Hori azaltzeko, prentsaurrekoa eman dute koalizioko zinegotziek. Antza denez, 1,6 milioi euroko aurrekontua edukiko luke instalazioak eraikitzeak soilik, eta Bilduren arabera, EAJk ez dauka bideragarritasun planik. Proiektuan murgiltzea larria da Idoia Buruagarentzat: "Gaur egun bizi dugun egoera ekonomikoan, horrelako proiektuak lekuz kanpo daude". Bere aldetik, Bilduk iragarri du proposamen propioa aurkeztuko duela datorren hilean.


2013ko aurrekontuetatik aparte geratu zen proiektua, lehenengo herritarren iritzia jakin guran. Bada, gobernu taldeak partaidetza prozesua hasiko du. "Elorrion inoiz egin ez dena”, esan du Ana Otadui alkateak. Etxerik etxe esku-orriak banatuko dituzte, Iturrin aurkezpena egingo dute eta gero plazan mahaia ipiniko dute. “Gazteentzat ere tailer parte-hartzailea antolatuko da”. Baina, Bilduren ustez marketinga da, parte-hartzea beharrean. Umeei proiektua azalduko dietela kritikatu du Fernando Garciak: “Lotsagarria eta larria iruditzen zaigu igerilekuen herri-eskaera saldu ahal izateko gure seme-alabak erabili nahi izatea. Xantaia emozionala jardun politiko bihurri eta arriskutsua da”. Bere ustez, EAJk badaki zelako proiektua sortu nahi duen, eta horregatik galdetu du ea zertarako egingo duten prozesua. Bilduren iritziz, 2015eko hauteskundeen aurretik amaitu gura dute obra, kalkulu elekorala eginez.


Bestalde, Jon Ander Graciak adierazi du kirol ikuspuntutik ez dutela lehentasunezkotzat jotzen egitasmoa. Bere esanetan, herriko kirolaren plan estrategikoa egin duen enpresako arduradunak esan die ez lukeela beste azpiegiturarik egingo. Xabier Orbegozok esan du hirigintza aldetik ere beste hainbat egitasmo ikusten dituztela garrantzitsuago: auzoetako ur eta saneamendu sareak, Belengua edota Goietako urbanizazioak...


EAJren erantzuna
Otaduik erantzun du ez dagoela esaterik obrak hasiko direla: “Ondorioak aterako dira eta orduan erabakiko da, herritarrek esandakoaren arabera, igerilekuak egiten diren edo garai hobe batera itxaron beharko dugun”. Gogoratu du hauteskunde programan proiektu hori zeukatela, baina bere ustez “ezinbestekoa da ahalik eta parte-hartze handiena bermatzea”. Esan du ahalik eta informazio gehiena eman gura dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!