"Asko inbertitzen ari dira Dubain zineman eta publizitate arloan"

Anboto 2013ko urt. 13a, 08:30

The Zealot filmagaz saria lortu zuten Irune Gurtubai elorriarrak eta Ben Sharrock eskoziarrak Lekeitioko Zine Bileran. Dubaitik erantzun dute.

The Zealot filmagaz saria lortu zuten Irune Gurtubai elorriarrak eta Ben Sharrock eskoziarrak Lekeitioko Zine Bileran. Dubaitik erantzun dute.

 

Dubain zaudete. Zerk eroan zaituzte bertaraino? 

Irune: Dubai hazten ari da, eta gustatzen zaidana egiteko hemen aukera gehiago daukadala ikusi nuen. Kamera lanetan ari naiz, bai eta produktore lanetan ere, freelance moduan. Etxean hori lortzea zaila da, batez ere orain! Asko inbertitzen ari dira Dubain orain, zineman eta publizitate arloan.

Ben: Arabiar ikasketak egin nituen eta harrezkero, Ekialde Hurbilera etorri nahi izan dut bizitzera; Dubai iruditu zitzaidan hiri egokiena. Zuzendari sortzaile lanetan ari naiz publizitate konpainia batean, eta freelance lanak ere egiten ditut. Dubaiko Gobernuarentzat iragarki bat grabatzen ere badihardugu Irunek eta biok, zuzendari lanetan ni, eta kameralari Irune.

 

The Zealot zuen lanak argumentuzko saileko saria jaso zuen Lekeition. Zelan hartu zenuten saria?

Ben: Ohore itzela izan da! Erdi euskalduna sentitzen naiz orain, eta oso sentsazio ona da gure lanagatik Euskal Herrian errekonozimendua jasotzea. Filmean euskara ingelesarekin nahastuta erabili dugu. Bizitzak gehiago ematea nahi duten pertsona biren interakzio arraro, argi eta antzertiarra da The Zealot. Pertsonak eta objektuak zelan aztertzen ditugun erakusten du.

 

Zuen ustez, zer gustatu zitzaion epaimahaiari?

Irune: Nire ustez, filmaren estiloa da indargunea. Oso estilo zehatza dauka, istoriorako oso aproposa. Filmaren estetika ere ona dela uste dut: kalitate oneko irudia lortu genuen.

 

Ikus al daiteke Interneten filma?

Irune: The Zealot ez dago oraindik ikusgai. Zinemaldietara bidali nahi dugu, eta filma Interneten egoteak ez du horretan laguntzen... Facebook orrialde bat badaukagu (www.facebook.com/thezealotfilm) eta trailerra bertan dago ikusgai.

 

Aurretik parte hartu al duzue Lekeitioko zine bileran?

Irune: Duela urte bi Hutsik filmarekin sormenaren saria irabazi nuen Lekeition, eta Huhezinema jaialdian ere hartu izan dut parte.

 

Zinemari loturiko zer proiektu daukazue orain esku artean? Eta zer amets?

Ben: Euskal Herrian eta Eskozian kokatutako luzemetrai bat idazten ari gara. Gainera, Dubain kokaturiko istorio baten laburmetrai batean ere ari naiz lanean. Zinemaren bidez istorioak kontatuz bizimodu jasangarria ateratzea dut amets.

Irune: Luzemetraiaz gain, laburmetrai bat dut esku artean. Gidoia bukatuta dago, baina orain aurreprodukzio prozesuan dago. Bestalde, kamera bezala eskarmentua lortzen ari naiz publizitate munduan. Ametsa, Benek esan duen bezala, zinematik bizitzea da! Gure kultura eta hizkuntza erabiliz, ahal izanez gero.

 

 


Eskoziako Screen Academy zinema eskolan 
elkartu ziren sortzaile biak

Eskoziako hiriburuan, Edinburgon, ezagutu zuten elkar Irune Gurtibaik (Elorrio, 1987) eta Ben Sharrockek (Edinburgo, 1988) Screen Academy Scotland zinema eskolan. Elkarrekin burutu zuten 2012ko Lekeitioko Zine Bileran saritutako The Zealot filma: produktore lanetan aritu zen Irune, eta gidoilari eta zuzendari Ben. Filma pentsatu eta grabatzea oso esperientzia atsegina izan zela diote biek, eta emaitzak asebete ditu, gainera.


 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!