"Euskara hizkuntza matematikoa da, oso logikoa"

Anboto 2011ko aza. 13a, 09:09

Sustraiei jarraituz etorri zen Ingalaterratik Elorriora Joseba Attard. Euskara ikasi eta ederto egiten du berba; gustura bizi da hemen, Joanna bikotea eta Nahia alabagaz

Esperientzia eta egitasmo berrien bila dabil uneoro, eta hilabeteko umeagaz mundu berri bat zabaldu zaiola dio. Di-Dan dabil diseinatzaile, eta surfa du afizio. Zutundu surf eskolako kidea da, baita Christian Surfers mugimendukoa ere.

 

Zer dela eta etorri zinen Ingalaterratik Euskal Herrira?

1979an jaio nintzen Ingalaterran, Cheltnamen. Nire aita artzaina zen, eta beti batetik bestera genbiltzan. 16 lekutan bizi izan ginen han. Nire ama elorriarra da, eta 25 urtegaz joan zen hara, ingelesa ikasteko; aita ezagutu eta bertan ezkondu zen. Gaur egun, hemen bizi gara gurasoak eta bi anaiak; arrebak han jarraitzen du. Lehen udan etortzen izan ginen, eta kalean gaztelera ikasi nuen. 12 urtegaz-edo, konturatu nintzen hemengoa nintzela esateko euskaraz jakin beharko nuela. Gainera, aitita-amamekin ere errazagoa zen euskaraz komunikatzea. Beti geratzen izan nintzen euskara ikasteko gogoz, baina ez nuen aukerarik. 26 urtegaz, hona etorri eta ikastea erabaki nuen. Ez daukat lehengusurik, eta ikasi ezean, familian euskara galduko litzateke; horrek bultzatu ninduen.

 

Elorrion bizi zara. Dagoeneko, hemengoa ere bazara...

Galdera kuriosoa da nongoa zareneko hori. Zer gura du esan horrek? Pertsona sailkatu gura du. Zer da euskalduna? Batzuk esango dute hemen bizi direnak direla, beste batzuek euskaraz berba egiten dutenak... Nire ustez, duela 100 urte oso erraza zen euskalduna zer zen esatea, baina gaur egun gaitza da.  Galdetzen didatenean, zera esaten dut: Elorriokoa, baina baita Ingalaterrakoa ere.

 

Gustura bizi zara bertan?

Oso gustura. Familia sortu ahal izateko arauekin-eta kokoteraino ibili ginen Ingalaterran, eta hemen bizi-kalitatea ezagutu nuen. Hizkuntza, kultura, errespetua eta hainbat faktore batu eta umetxo bati eskaintzekoa hemen hobeto eskaini geniezaiokeela erabaki genuen.

 

Di-Dan zabiltza lanean.

Geografia ikasi nuen, ez diseinua. Baina musika talde baten nenbilen, eta kartelak nik egiten nituen beti. Karrera amaitzean lanik barik geratu nintzen, eta iragarki batean ikusi nuen diseinatzaile junior bat behar zutela. Hortik hasi eta estudio manager bat egin nuen gero. Hona etortzean, freelance ibili nintzen lehenik. Di-Dan oso gustura nabil; dagoeneko bazkide ere banaiz.

 

Noiztik zara surflaria?

Orain 10 bat urte hasi nintzen surfeatzen. Lanera joan aurretik, goizeko 05:00etan irtenda joaten ginen. Askok uste ez arren, hemen baino askoz garatuago dago surfa Ingalaterran. Hango kultura ez da hain oldarkorra eta lehiakorra. Bestalde, han ez litzateke posible Mundaka lako leku batetik ordu erdira bizi eta surflaria ez izatea...

 

Christian Surfers mugimenduko kidea zara.

Nazioarteko mugimendua da, Australian jaioa orain 35 urte. Hemengo askorentzako ulertzeko gaitza dela badakit, baina ez dauka misterio handirik: surflariak eta kristauak gara. Gure fedea konpartitzeko modu bat da, eta ahal bada berbak erabili barik. Niretzako, fedeak eguneroko pausoak zelan ematen dituzun esan gura du. Eta ez inork agintzen didalako; nik kristogaz daukat hartu-emana. Bera eta biblia dira nire erreferentziak, baina ez erlijio bat.  Jendeak esaten dit: zelan egon zaitezke ANVko zerrendan edo presoen alde egon, eta aldi berean kristaua izan? Bibliak berak dio presoen alde egon behar dugula. Gainera, niretzat, inor ez da kristo baino sozialistagoa. Izenagaz eta sineskeragaz estereotipoak sortzen dira.

 

Zelakoa izan zen euskara ikasteko prozesua?

Neukan euskara ikastea oso gaitza zela entzuten nuen beti, eta nik ez dut hori sinesten. Benetan ikasi gura baduzu, ikasiko duzu. Durangoko AEKn ibili nintzen bederatzi hilabetean, irakasle onekin. Euskara hizkuntza matematikoa da; oso logikoa. Bestalde, tokiko hizkerak asko gustatzen zaizkit; ikusgarria da, hizkuntzari kolorea ematen diote-eta. Derrigorrez mantendu behar ditugu! Oso polita da iparraldera joan eta euskaldun bati ulertzeko zailtasuna edukitzea (barrez).

 

Anbotok 10 urte bete ditu. Irakurtzen al duzu?

Ikasteko oso baliagarria izan zait. Gainera, familia eta lagunez gainera, bizkaiera ezagutzeko tresna izan zen niretzat. Irakurtzerakoan, elkarrizketa batean egotea lakoa zen niretzat. Berezia da, komunikazioan hori lortzea oso gaitza da-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!