Amiantoa gaixotasun eragile da, bai lantegi barruan bai kanpoan

Anboto 2011ko urt. 28a, 10:41
Elorrixa ekologi taldeak antolatuta, amiantoaren gaineko Musikaren plaza dokumentala proiektatu dute martitzen honetan Elorrion, eta CCOOko Lan Osasuneko arduradun Jesus Uzkudun izan da bertan.
ASVIAME Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak dituen datuen arabera, 2010ean 23 pertsona hil ziren amiantoak eragindako gaixotasunengatik. Horietako asko amiantoagaz beharrean ibilitakoak ziren. Beste batzuk fabriketatik kanpora arnastu zituzten amianto-zuntzak. Biriketan sartuta, pertsona guztiei ez die berdin eragiten, baina epe luzera gaixotasun kronikoak eragiten ditu. Elorrixa ekologi taldeak antolatuta, amiantoaren gaineko Musikaren plaza dokumentala proiektatu dute martitzen honetan Elorrion, eta CCOOko Lan Osasuneko arduradun Jesus Uzkudun izan da bertan. mineral horrek kaltetutako beharginen egoerari buruz berbetan. Uzkudunek ohartarazi du fundizio asko egon den herrietan amiantoaren eragina nabarmena dela: \"Ziur nago Elorrion epidemia egongo dena\". Gaixotasunak urte batzuk pasatu eta gero agertzen direla azaldu du Uzkudunek, eta, horregatik, garrantzitsua dela jubilatuta daudenek ere osasun azterketak egitea. Gaur egun, amiantoagaz lotura izan duten 4.000 pertsona daude erregistratuta EAEn. Pertsona horiek medikuen azterketa bereziak izaten dituzte. Uzkudunen ustez, jende gehiagok egon behar luke erregistratuta; 40.000 tik 50.000ra. Amiantoak eragindako gaixotasun larriena mesotelioma pleurala da. Pleuran sortzen den minbizi mota bat da, amiantoak bakarrik sortutakoa.

Debekatutako minerala

50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan gure inguruko hainbat industriatara heldu zen amiantoa, material berritzailea. Tenperatura altuak jasaten ditu mineral honek, eta isolatzaile ona da. Pisuz arina eta merkea, asko erabili izan da fundizioetan, automozioan, etxeen eraikuntzan eta barku, tren eta hegazkinen eraikuntzan. Espainiako estatuan 2002an debekatu zuten amiantoa erabiltzea, baina Jesus Uzkudunek nabarmendu duenez, produktu hau minbiziagaz lotzen 1898an hasi ziren Erresuma Batuan. Hitzaldian azaldu duenez, \"herrialde garatu gehienetan debekatuta dago produkzioa, baina ez da gutxitu Pakistan, India, Txina eta Afrikan\".

Musikaren plaza

Juanmi Gutierrez zine zuzendariak amiantoaren biktimen testigantzak jaso ditu Musikaren plaza dokumentalean. Gutierrez bere ama amianto-zuntzak arnasteagatik gaixotu eta hil zela jakin zuenean hasi zen gaia lantzen. Errenterian, Musikaren Plaza dagoen lekuan Paisa enpresa zegoen lehen. Amak ez zuen Paisan behar egiten; fabrikaren aurrean bizi zen, eta Paisako estraktoretik irtendako hautsa arnastuta gaixotu zen. Egunero beragaz beharra eginda edo amianto kopuru txikia arnastuta, arriskua hor dagoela azaldu du Uzkudunek: \"Medikuen zeregina susmo txikienagaz ohartaraztea da\". Behargin ugari gaixotasun profesionalaren aitortza lortzeko borrokan dabil azken urteotan. Kasuak ez direla isolatuak ohartarazi dute: \"Kasu bat agertu, eta perretxikoen moduan agertzen dira kasu gehiago\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!