anboto.org

Endika Basagurenen ‘Helmugak’ erakusketa, maiatzaren 1era arte

  Kultura  Durango

Siriako gerratik ihesean doazen errefuxiatuak eta itsasoa dira Endika Basaguren artistak (Bilbo, 1978) Durangoko Arte eta Historia Museoan ikusgai ipini duen Helmugak erakusketako protagonistak. Etorkizun hobea lortu guran dabiltzan pertsona guztiak hartu ditu lan honetan berbagai artista gazteak, eta bere margo, argazki eta bideoen bitartez kritika soziala eta politikoa egiten ditu.

Endika Basagurenen ‘Helmugak’ erakusketa, maiatzaren 1era arte
'Grecia'. Bic boligrafoagaz eta gouacheagaz egindako margolana. | Ikusi handiago | Argazki originala

Artistak berak kontatu duenez, itsas pintura jorratzen zebilen Siriako gerraren ondoriozko sarraskiaren berri eduki zuenean, eta errealitate latz hori ezin izan zuen alde batera utzi. Bere koadroetan islatu zuen gerratik ihesi zetozenen hilerri bihurturiko itsaso hori, eta Helmugak erakusketa osatu sorturiko lanekin. Itsasoko olatuen eta arrantzaleen irudi idilikorik ez dago erakusketan. Basagurenek azken bi urteetan burutu duen ibilbide artistikoaren isla da Helmuga, Marinas 2.0 proiektuaren ondorioa.

Argazki eta bideo instalazioak, eta akuarelagaz eta boligrafoz egindako margolanak dira erakusketan bildutakoak. Grecia, Azkenarnasartzea edo Europa criminal de guerra izenekoak, adibidez.
Apirilaren 7an inauguratu zuten erakusketa, eta maiatzaren 1era arte Durangoko Museoko areto nagusian egongo da Endika Basagurenen Helmugak. Egun horretara arte ikusgai egongo den Picasso: Durangotik Guernicara erakusketaren aldameneko gelan.

Martitzenetik barikura 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 20:00etara, zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta domeketan 11:00etatik 14:00etara dago Durangoko Arte eta Historia Museoa bisitatzeko aukera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa