Nuñez: “Eska diezazukete ‘Ave María’, eta jarraian Metallicaren kanta bat jotzea”

Itsaso Esteban 2017ko mar. 28a, 14:30

Mister Swing Bilboko enpresagaz, sei urte daramatza Mikel Nuñez pianista durangarrak ezkontzetan musika emanaldiak eskaintzen. Irakasle lanagaz eta hainbat taldegaz dituen proiektuekin uztartzen du Nuñezek lan hori.

Zelan eta noiz hasi zinen esparru honetan?
Aspaldiko lagun bategaz hasi nintzen ezkontzetan jotzen. Gero eta eskaintza gehiago jasotzen hasi zen, eta Mister Swing enpresa sortu zuen. Azken sei urteetan enpresa horrek kontratatuta jarduten naiz.

Zer da, zehazki, eskaintzen duzuena?
Musika nahierara eskaintzen dugu. Formazio ohikoenen eskaintza dago, batetik; pianoa eta biolina, ahotsa eta soka laukotea, esaterako. Baina bezero bakoitzaren arabera bestelako taldeak ere eskaintzen ditugu; aurten, adibidez, oboe eta harpa kontzertu bat ere eskatu digute.

Bezeroaren araberakoa izaten da errepertorioa?
Bai, eta, nire ustez, gure enpresaren gauzarik onena hori da; guztiz zabalik gaudela errepertorioari dagokionez ere. Bezeroari erabateko askatasuna eskaintzen diogu errepertorioa osatzeko. Soinu banda asko eskatzen dizkigute, adibidez. Musikari oso moldakorrak gara, eta ahoz ahokoari esker ospe ona hartu dugu.

Zelako kantak eskatzen dizkizuete gehien?
Gehienak ez dira kanta elizkoiak izaten, bestelakoak izaten dira, nahiz eta Ave María ere gure hit ezagunetariko bat den. Hori bai, eska diezazukete Ave María, eta jarraian Metallicaren kanta bat jotzea. Eta ezkontzetan hori da politena, nire ustez: ezkontzen direnentzat esanahi berezi bat daukaten kantak jotzea.

Uda sasoia izaten da zuentzat lanpetuena?
Bai, udaberrian eta udan izaten dugu lan gehien, nahiz eta neguan ere izaten ditugun ezkontzaren batzuk. Urtean 30-40 ezkontzatan jotzen genuen hasieran, eta orain 60 bat ezkontzatan. Bizkaian ibiltzen gara gehien, baina Araban, Gipuzkoan eta Kantabrian ere jo izan dugu. Pianoa asko eskatzen dute, eta azken aldian, urtean 30 ezkontza inguru egin izan ditut nik.

Ezkontzaren zer unetan jotzen duzue?
Zeremonian zehar edo koktelean aritzen gara —koktelerako, jazz taldeak eskatzen ditu jendeak gehienetan. Gure enpresak ez du dantzaldietarako musikarik eskaintzen.

Anekdota asko bizi izan dituzue?
Bitxia da, adibidez, errepertorioari dagokionez abadeekin sarritan izaten den tirabira. Normalean ezkontideek egiten dute berba abadeagaz, baina inoiz gertatu zaigu eskaini gura genituen kantak elizkoiak ez zirelako abadeak zailtasunak ipintzea.

Zelan bizi dituzu ezkontzetako kontzertuak?
Zeremonian zehar jotzea gauza berezia izaten da; ezkontideentzat une oso inportantea da, eta presio apur bat izaten duzu momentua ez zapuzteko. Koktelera, aldiz, bestelako aldartean joaten gara: jendea jaten eta berbetan egoten da, eta geure artean disfrutatzea izaten da helburua. Libreago ibiltzen gara. Ezkontzetakoak oso emanaldi laburrak izaten dira, eta kontzertu batera baino askoz lasaiago joaten gara.

Ezkontzetako jarduna kontzertuekin eta irakasle lanagaz uztartzen duzu.
Bai, eta pozik nabil hiru arloetan. Duela urte eta erdi amaitu nituen ikasketak Musikenen, eta Sopelan, Durangon eta Gernikan dihardut pianoa, inprobisazioa eta musika lengoaia irakasten. Hainbat jazz taldetan aritzen naiz, Josu Bergaragaz eta The Groovies taldean… Ezkontzak udan izaten dira batez ere, normalean eguerdian, eta momentuz, ondo uztartu ditzaket. Hala ere, egun berean ezkontza bi, koktel bat eta kontzertu bat eginda nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!