Ardosaltsan azoka hamargarren ediziora ailegatuko da hilaren 25ean

Markel Onaindia 2017ko mar. 20a, 16:30
60 upategitako ardoa dastatu ahalko dute bisitariek Ardosaltsan azokan. Irudian, iazko bisitari batzuk.

10 urte igaro dira ardoaren eta delicatessen produktuen azoka martxan jarri zenetik. Martxoaren 25ean ailegatuko da hamargarren ediziora Ardosaltsan, eta inoiz baino eskaintza handiagoagaz, gainera. “Azoka handitzen doa pixkanaka, eta urtero berritzen goazenez, beti desberdina da”, nabarmendu du Iñaki Uribe antolatzaileak.

60 bat upategik parte hartuko dute azokan, eta 20 bat delicatessen postu ere egongo dira. Jaki ia guztiak txingarretan egingo direla da aurtengo nobedadeetako bat. “Kalitatezko txuleta izango da plater nagusia”, esan du Uribek. Olagarroa eta hanburgesak ere, besteak beste, txingarretan prestatuko dituzte. Jantokiari dagokionez, “zerbait informalagoa” eskaintzea erabaki dute. Bestalde, gazure –serum– krema izango da produktu berrietako bat. Aurkezpena eta dastaketa egingo dute bertan.

“Azoka didaktikoa” izatea da helburua, eta, horregatik, hainbat dastaketa egin ahalko dira; horietako batzuk Saltsaneko sukaldarien eskutik. Uribek gogoratu du azokako produktuak euren dendan eskuratu ahalko direla urtean zehar ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!