Arrizabalaga: “Picasso egongo da Durangon; aukera izugarria da, inoiz izan ez dena”

Aitziber Basauri 2017ko mar. 20a, 09:08
Garazi Arrizabalaga Cabrerizo (Berriz, 1984)

Ekainean hartu zuen Arte eta Historia Museoaren ardura Garazi Arrizabalagak. Erronka handia izan dela aitortu du Artearen Historian lizentziatuak, baina “pozik” eta “lan egiteko gogoagaz” ari da karguan. Otsailetik buru-belarri dabil martxoaren 30ean zabalduko duten Picassori buruzko erakusketa antolatzen. Lan handia eskatu duela dio, baina aukera “izugarria” dela esan du.

Ekainean urtebete egingo duzu Arte eta Historia Museoko zuzendaritza hartu zenuela. Erronka handia izan da?
Bai. Erantzukizun handiko kargua da. Baina horretarako prestatu naiz urteetan, eta banuen gogoa halako kargu garrantzitsu bat hartzeko. Erabakiak hartzeko ere bai. Ez da hainbeste denbora kargua hartu dudala, baina pozik nago eta lan egiteko gogotsu.

Zeintzuk dira museoari begira zehaztu dituzun helburuak?
Museoa gehiago zabaldu gura nuke, herritarrak erakarri. Non dagoen, zer egiten den ezagutu dezaten. Durangon, eta Durangaldean, denek ez dakite non dagoen museoa. Hori aldatu gura dut.

Ahulguneetariko bat da hori?
Bai. Pertsona finko batzuk etortzen dira normalean, eta traba hori saihestu gura nuke, ahalik eta jende gehien bertaratatzeko.

Museoa “bizi” egin behar dela uste duzu. Zer esan gura duzu?
Asteburuko plana egitean museora joatea aukera bat izatea, adibidez. Museo bat ez da bakarrik sartu eta gauzak ikusteko, hainbat ekintza egin daitezke, eta horretan ari gara lanean. Ez genuke gauza estatiko bat lez ikusi behar, beste modu batera ikusi eta bizi beharko genuke.

Arte eta Historia Museoak gaurkotu beharra du?
Museoak aldatu egin behar dira, historia bera ere aldatu egiten da. Gauza berriak ikasten ditugu, eta hori ikusi egin behar da museo batean. Ez dira leku itxiak, finkoak. Aldatu egin daitezke. Museoa bizi egin behar da, eta horretan eragin gura dut.

Zeintzuk dira Arte eta Historia Museoaren helburuak?
Batetik, durangarrei erakustea museo honek kalitate handia duela, batez ere, arte garaikideari dagokionez. Bilboko Arte Ederren Museoan dauden  artista horiek ditugu hemen Durangon. Horretaz jabetu behar dugu. Geurea da, Durangokoa, Durangaldekoa. Gainera, doan da ikustea, horietaz disfrutatzea. Bestetik, jendea erakartzea. Museoak gordeta duen ondarea ateratzea ere bada helburua.

Ezezagunak ditugu museoak? Ohituretan eragiteko, zer egin beharko luke museoak?
Baliteke, batez ere museo txikiak. Gauza desberdinak proposatu behar dira. Orain arte, bisitari kopuru bat, mota bat, erakarri du museoak. Horiek baztertu gabe, beste bisitari mota batzuk erakartzeko ekintzak ere antolatu ditzake museoak. Umeekin lan egitea da aukera bat. Bide hori urratzen hasi gara ikastetxeekin batera: Lehen Hezkuntzako umeekin hasi gara, baina zabaltzea da asmoa. Museora etorri dira eta tailerrak egin dituzte. Gero, gurasoekin ere etorri izan dira.

Umeekin lan egin behar da?
Bai. Oso garrantzitsua da umeekin lan egitea, museoa zerbait dinamiko lez ikusi dezaten. Eurak dira etorkizuna.

Martxoaren 31ren harira, Pablo Picassoren obra batzuk ekarri gura dituzue Durangora. Nola  doa erakusketaren prestaketa?
Nahiko aurreratuta dago erakusketa, baina Picassoren familiagaz izan dugu arazorik gehien. Asko exijitzen dute. Hala ere, Picassok egindako bi grabatu —bakoitzak bederatzi bineta ditu— ekarriko ditugu: lehenengo 14 binetak Gernika egin aurretikoak dira, beste laurak ostekoak. Estilo aldetik aldaketa handia nabaritzen da. Picassoren jatorrizko grabatuak dira eta oso pozik gaude. Orain arte ez da halako mailako erakusketarik egin.

Zer erakusten dute grabatuek?
Lehenengo binetek Francori egindako kritika erakusten dute. Erdi-munstro bat lez irudikatzen du, parodia eginez. Altxamenduari eta Francoren sistemari kritika egiten diete. Gernika osteko irudietan ez da Franco ageri. Kaleko jendea eta gerraren sufrimendua ikusten dira, batez ere. Amak agertzen dira guztietan, umeekin, negarrez... suteak, odola... Picassoren ideia zen binetak moztu eta postal lez saltzea, baina, azkenean, osorik saldu zituen. Dirua Errepublikarentzat izan zen.

Beste lan batzuekin osatuko duzue erakusketa?
Bai. Gernikaren bozeto batzuen hiru faksimil  —jatorrizko margolanaren kopia— ere egongo dira, Picasso familiak baieztatutakoak, eta Josep Renauren grabatu bat ere bai —berak eskatu zion Picassori Gernika egitea—.  Museoko aleluia bat ere erakutsiko dugu; gauza konplikatu bat era errazean azaltzeko erabiltzen ziren aleluiak. Irudiak erabiltzen zituzten. Komikiaren hasiera dira, nolabait. Picasso ere aleluiatan oinarritu zen bere lanak egiteko. Esan behar dut erakusketa oso hezitzailea izango dela. Gaiaz asko jakin ez arren, erakusketatik dena ulertuta aterako dira bisitariak. Gure helburua da, ikusteaz gain, nola egin ziren, zein prozesu jarraitu zen... ulertzea.

Galdu ezineko aukera da?
Picasso egongo da Durangon. Aukera izugarria da, inoiz izan ez dena, eta duen garrantziaz jabetu behar dugu. Baliteke ez izatea bere margolan ezagunenak, baina Picasso da. Gainera, Gernikagaz oso erlazionatutako obrak dira erakutsiko direnak, Durangogaz ere erlazio handia dutenak. Autore batzuen arabera, Picassok egunkarian ikusitako argazkiak —gero Gernika margolanean islatu zituenak— ez ziren Gernikako irudiak, Durangokoak baino. Erakusketaz gain, bisita gidatuak eta grabatu tailerra izango dira, besteak beste.

Horrelako beste aukerarik egongo da?
Agian, bai. Txillidaren erakusketa bat ere egin gura dugu, museoak baditu-eta haren grabatu batzuk. Atera egin gura ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!