"Emakumeen bizi kalitatea hobetuko duen aurrekontua" garatu nahi du Durangoko Udalak

Markel Onaindia 2017ko ots. 28a, 14:55

Aitziber Irigoras alkatearen ustez, "aurrekontu orekatua, errealista, serioa eta zuhurra" da zirriborroan landu dutena. 31,8 milioi eurokoa izanik, iaz baino %1,53 handiagoa litzateke. Zuzenketak egiteko epea hasi da, eta martxoko osoko bilkuran onartu gura dute.

Durangoko gobernu taldeak (EAJ-PSE-EE)  zeharlerro bihurtu gura du berdintasun politika, genero ikuspegia udaleko sail guztietara hedatuta. Hori da 2017ko aurrekontuaren zirriborroan jasotzen den nobedade esanguratsuena, eta gainera Euskal Herrian aitzindaria dena, Bilbo eta Donostiako esperientzi pilotuak kenduta. Modu horretan, "emakumeen bizi-kalitatea hobetuko duen aurrekontu" bat lantzea gura dute, Pilar Ríos alkateordearen esanetan. 276.000 euro bideratzea proposatu dute.

Emakumeen aldeko proiektuak sailez sail diseinatu dituzte. Hirigintzan, puntu beltzen mapa berriagaz, gabeziak konpontzeak hartuko luke diruaren zati handi bat; 130.000 euro Benita Uribarrena parkea -Arte eta Historia Museoaren ondokoa- egokitzeko, adibidez. Hainbat espaloi konpontzea pentsatu dute ere umeen kotxeen eta aulkien mesedetan. Gizarteratze lanean, desgaitasunak edota aniztasun funtzionala duten gazteekin afektibitate sexualeko talde bat eratu gura dute, eta emakume atzerritarrekin jabekuntza tailerrak ere bai. Kulturan, herriko emakume artisten lana ikertzeko beka bat proposatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!