Faustegoienan gazteentzako alokairuko 7 etxebizitza martxoan egongo dira prest

Anboto 2017ko ots. 24a, 10:49
Etxe promozioa, obretan zegoenean.

Udalak martxoan eskuratuko ditu babes ofizialeko promozioko lehenengo etxeak, eta gazteek alokairuan hartu ahal izateko inskripzioa uda aurretik martxan ipini gura du; lehenik araudia osatu behar dute. EAJ eta PSE-EEren gobernu akordioaren gaietako bat dela azaldu dute.

Udalak Faustegoienan sustatutako kooperatiba erregimeneko promozioan, momentuz 42 etxebizitza daude eraikita, eta horietatik 7 dira udalak alokairurako kudeatzeko. Promozioa amaituz gero, 118 etxebizitza egongo dira eraikita, eta guztira 17 bideratuko lituzkete alokairura.

18 eta 35 urte arteko gazteek hartu ahalko dute etxea alokairuan, gehienez hiru urterako epean. Izan ere, udalaren helburua txandakatzea da, "aukera ahalik eta pertsona gehienei" emateko asmoz. Durangon gutxienez bi urtez erroldatuta egon beharko dute gazteek. Baldintza ekonomikoen inguruan momentuz ez dute daturik eman prentsa oharrean, araudia egiteke dago oraindik.

230 gazteri laguntza
Gobernu taldekoek esan dute azken hiru urteetan 230 gazte diruz lagundu dituztela alokairua ordaindu eta emantzipatu ahal izateko, eta horri gehitzen zaiola Faustegoienako 7 etxeen egitasmoa, ez dela atal isolatu bat. Iaz Durango Alokairua izeneko programa ere martxan jarri zuten, merkatu pribatuko etxeei irtenbide bat emateko; baina, Zabalduko Ditugu dinamikakoek ez dute begi onez ikusi, euren ustez errenta handiegia eskatzen duelako baldintza lez. Gazteek mozioa aurkeztuko dute martxoko osoko bilkuran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!