Sorginola gaztetxean izandako lapurretari jaialdi bategaz erantzungo diote

Anboto 2017ko ots. 16a, 19:14

Sorginolako kideek agerraldia egin dute gaur, zenbait herritarren babesagaz, gaztetxean izandako lapurretaren berri emateko. Neurriak hartzeaz aparte, lapurretak "erantzun indartsua" behar duela uste dute, eta horregatik, egun osoko jaialdia antolatu dute martxoaren 4rako. Gazte guztiei bertaratzeko deia egin diete.

Otsailaren 6ko gauean jazo zen lapurreta. Erremintak, aparailu elektronikoak, liburutegiko materiala eta edariak eraman zituzten lapurrek. Baina, aurreko asteburuan kontzertuak egon zirenez, musika materialaren bila joan zirela uste dute gaztetxekoek; material hori batuta zegoen ordea. Ez da Tabirako gazte espaziora lapurretan sartu diren lehen aldia.

Lapurretari garrantzia eman diote, eta era kolektiboan ulertu dute gainera, "Durangoko gazteriari eginiko lapurreta" dela sentitzen dute. "Jende askori egindako lapurreta izan da joan zen astekoa: urte eta erdi honetan fabrika zaharra biziberritzeko lana egin dutenei, astero asanbladan batzen direnei, oholtza gainera igo direnei eta entzutera etorritakoei...". 

Bazkaritik kontzertuetara
Martxoaren 4an bazkari herrikoi bat prestatuko dute, eta tiketak Mesoi Berrian, Intxaurren eta Tabira Etxen ipiniko dituzte saltzen. Arratsalderako bingoa eta karta txapelketak iragarri dituzte, eta 20:30etik aurrera Cecilia Payne eta The Godoys Wonderers taldeen kontzertua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!