Zabalaren eta Ortellsen obrara gerturatzeko proposamena, Museoan

Anboto 2017ko ots. 9a, 12:00
Zabala, Museoan erakutsiko duen obrak inguratuta.

Bi artista euskaldunen lanak hartuko ditu datozen asteetan Durangoko Arte eta Historia Museoak. Gaur, 19:00etan, inauguratuko dute Durangon bizi den Esperanza Zabalaren (Eibar, 1974) Así las traen en Bizkaia bilduma, eta zapatuan, 12:30ean zabalduko dute Ainhoa Ortells algortarraren Pintura & Pintura. Martxoaren 5era arte egongo dira erakusketa biak Durangoko Museoan ikusgai.

Artearen historiako erretratu ezagunen berrirakurketa egiten du Ainhoa Ortellsek Museoko areto txikian zabalduko duen erakusketan. “Bi pintura motagaz nabil lanean”, azaldu du artista algortarrak. “Batetik, pintura zibilizatu, eboluzionatu, aztertu eta ikasitakoagaz; eta, bestetik, prehistoriko, instintibo, inprobisatu, fresko eta basatienagaz”.

Bestalde, Esperanza Zabalak Museoko areto nagusian jarri ditu ikusgai Durangoko bere tailerrean landutako koadro, instalazio eta eskulturak. Espresionistak dira Zabalak erakusketan ipini dituen koadroak. “Umeek eta zoroek bezala margotzen du espresionistak, barrukoa ateratzeko beharrizanak bultzatuta; ez du publikoarengan pentsatzen, ezta ikuslearen gustuan edota onarpenean ere”. Barnekoari ateratzen utzita margotzen duela azaldu du Zabalak. Margotzea “botaka egitea edo zainak moztea bezalakoa da”, dio artistak grafikoki, “barru-barruan sentitzen duzu”.

Arte Ederrak ikasi zuen Esperaza Zabalak, Salamancan, eta Frantzian garatu zuen margokera espresionista. “Ez nekien frantsesa eta komunikatzeko zailtasunak neuzkan: introspekzio handiko urtea izan zen, eta buru-belarri margotzen jardun nuen”, kontatu du.  

Artistaren enpatia
Beharbada lehenengo begirada batean identifikagaitzak izan daitezkeen forma figuratiboek osatzen dituzte Zabalaren koadroak. Hiri paisaiak, baserri inguruak, eta umea galdu duen ama baten mina irudikatzen ditu, esaterako, bere koadroetan... “Handiustekoa eman dezaket beharbada, baina uste dut artistak gainontzeko jende guztia ordezkatzen duela, eta bere helburua bestearen azalean jartzea dela, ondoren obra ikusten duenak beste horrenbeste egin dezan”, dio. Enpatia, bestearen larruan ipintzeko gaitasuna, da Zabalaren ustez artistaren ezaugarririk inportanteena.    

Formatu handiko koadroak ezezik, instalazioak ere ipini ditu Esperanza Zabalak Durangon ikusgai. Poliuretanoagaz egindako itxura organikodun figura hiperrealistek osatzen dute instalazio horietako bat. Adierazpide horren bidez, emakumeek pairatzen dituzten askotariko presioez dihardu, besteak beste, Zabalak: modari eta desioari buruzko bere gogoetak azaltzen ditu instalazioen bitartez. Ildo horretatik, emakumea eta kirola gaitzat hartuta egin dituen hainbat bozeto ere ipini ditu Durangon ikusgai.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!